Donostiako (Gipuzkoa) kaian 60 urtez bere familiarena izandako etxetik bota nahi du pertsona bat Elizak. Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak joan den maiatzean eman zuen egoeraren berri, eta, ordutik, hainbat saiakera egin ditu Donostiako Elizbarrutiarekin irtenbide bat adosteko. Elizbarrutiaren arduradunek, ordea, ez dute inolako borondaterik erakutsi arriskuan dagoen bizilagunarentzat soluzio bat bermatzeko. Horiek horrela, Donostiako Seminariora hurbildu ziren atzo sindikatuko hainbat kide, arduradunei eskatzeko negoziatzeko eser daitezela.
Orain arte, Elizak argitu duen bakarra izan da kaiko etxebizitza hori barne-erabilerarako nahi duela, xehetasunik eman gabe. Horren aurrean, baina, sindikatuak gogorarazi du jabe handi bat dela Eliza, jabetza ugari dituena Donostian zein beste hamaika tokitan. Salatu du, gainera, etxebizitzaren eta turismoaren negozioan zuzenean parte hartzen duela Elizak: 2020tik, bere jabetzako hainbat eraikin jarri ditu salgai edo alokairuan, eta hotel edo etxebizitza turistikoak eraiki dituzte horietan. Sindikatuak nabarmendu du, beraz, ekidin daitekeen zerbait dela kaiko etxegabetzea, eta atzo, Seminariora jotzean, Elizbarrutiko arduradunei adierazi zien bestelako irtenbide bat bila dezaketela euren beharrak asetzeko. Are: negozioa egiteari utz diezaiotela esan zien.
Elizak ez du etxebizitza beharrik
Maiatzean kaian egindako prentsaurrekoan adierazitako berdina azpimarratzen jarraitzen du sindikatuak: Eliza negozioa egiten ari da, eta hori seinalatzeko hainbat mural jarri dituzte azkenaldian Donostiako zenbait elizatatik hurbil: Groseko Zabaleta kalean Gotzaindegia zegoen eraikinean, Leonardo Boutique Hotela dago gaur egun; Artzai Ona Katedralaren ondoko Elizbarrutiaren etxebizitzak zeuden tokian, Villa Katalina Hotela dago orain; San Martin komentua Zenit luxuzko hotela da egun; eta San Bartoleko komentua eta eskola zena, orain, Catalonia luxuzko hotela da. Jabetza horien salmentari edo alokairuari esker, gutxienez 50 milioi irabazi ditu Elizak.

Aipatutakoak, gainera, ez dira Elizari lotutako proiektu bakarrak: une honetan, Salestarren komentuan Tayko Hotela eraikitzen ari dira, komunikabideen arabera, orain arteko luxuzkoena izango dena Donostian. Bestalde, azken hilabetean iragarri dute Groseko Mariaren Bihotza eskola eta Eliza zena luxuzko beste hotel bat izango dela. Martutenen 5.600 m2-ko lurrak ditu Gotzaindegiak, eta horietan bi etxebizitza-bloke eraikitzeko baimenak tramitatzen ari da Donostiako Udala.
Sindikatuak, Elizaren irabaziak seinalatzeaz gain, uste du bereziki deigarria dela lehen elizgizonentzat etxebizitzak zeuden Urdaneta kaleko eraikinaren kasua. Izan ere, jada bizitokia zen eraikin hori ere hotel bihurtu zuten. Eta Martuteneko etxebizitzak eraikitzea ere irabaziak lortzeko izan daitekeela gehitu du.
Elkartasuna antolatzeko deia
Atzo Seminariora joan ziren sindikatuko kideak, baina hainbat dira aurretik izan diren elkartasun-ekintzak. Ekainaren hasieran, auzo-batzar bat egin zuten, eta Alde Zaharreko bizilagun ugari hurbildu zen kasua ezagutzera eta arriskuan dagoen pertsonari babesa ematera. Amaitu berri diren Karmengo Jaietan ere aldarrikapena presente egon da, hainbat ekintzaren bidez zein Jai Batzordeak bultzatutako elkartasun-argazkiaren bidez. Bide horretan, hurrengo asteak bereziki garrantzitsuak direla adierazi du sindikatuak: Eliza negoziatzera eser dadin eta etxegabetzea gelditu dadin, antolakuntzara batzeko deia luzatu du.
