Aurreko ostiralean, Donostiako Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak elkarlanean hustu zuten Herrerako Oxigraf enpresa izandakoa, bertan bizi ziren pertsonak etxegabetuz. Joan den asteburuan, hala, agerraldi bat egin du Donostiako Harrera Sareak, desalojoa salatzeko: "Operatiboak zazpi gazte kale gorrian utzi ditu, bizitoki alternatibarik gabe eta euren gauzak zein dokumentazioa eskuratzeko aukerarik gabe".
Harrera Sareak azaldu duenez, "goizeko lehen orduetan egin zuten esku-hartzea, hainbat gazte ikastetxera eta formakuntza ikastaroetara joateko irteten diren une berean". Desalojoan, bi pertsona atxiki eta identifikatu zituen Espainiako Poliziak; zenbait ordu beranduago utzi zituen aske.
Donostiako Udala sistematikoki ari da hiriko fabrika abandonatuak husten, horietan bizi diren etxerik gabeko pertsonak kaleratuz eta kale gorrian utziz. Harrera Sarearen esanetan, ostiraleko desalojoak "hirian dagoen egiturazko arazoa are gehiago larriagotzen du; izan ere, dagoeneko 500 pertsona baino gehiago daude etxerik gabe". Horiek horrela, "premiazko birkokatze-neurriak eta etxebizitza-irtenbide duin eta iraunkorrak" exijitu ditu pertsona horientzat, eta berriz salatu du "instituzioen erantzun falta". "Udalak ez die ostatu-alternatibarik eskaini kaltetutako pertsonei", seinalatu duenez.