AKTUALITATEA / Zuzenbide burgesa
Deklaratzera deitu dituzte hamabost gazte, protesta gisa Gasteizen trenbide bat mozteagatik
Altsasuko gazteen aurkako epaia eta Kataluniako hainbat agintari politikori ezarritako zigorra salatzeko mobilizazioak izan ziren 2019ko urrian, baita Gasteizen ere. Trenbidea moztu zuten hainbat gaztek, eta haien aurka oldartu zen Ertzaintza. 21 gazte atxilotu zituzten.
2021eko otsailaren 9
Deklaratzera deitu dituzte hamabost gazte, protesta gisa Gasteizen trenbide bat mozteagatik

2019ko urriaren 17an mobilizazioak izan ziren Hego Euskal Herrian, Altsasuko gazteen aurkako epaia eta Kataluniako zenbait agintari politikori ezarritako zigorra salatzeko. Gasteizen (Araba) ere izan zen manifestazio bat eta, amaitzean, trenbidea moztu zuten hainbat gaztek, EHUko campusaren ondoan.

Protestan parte hartzen ari zirenen aurka oldartu zen Ertzaintza, kolpeka. 21 gazte atxilotu zituzten polizia-agenteek, eta horietako hamabost deklaratzera deitu ditu orain Gasteizko epaile batek. Hain zuzen, atxiloketen egunean adinez nagusiak ziren lagunek deklaratu beharko dute otsailaren 18an eta 25ean, Arabako Probintzia Auzitegian.

Antza, Ertzaintzak argazki berriak aurkeztu ditu froga modura, eta horregatik deitu dituzte deklaratzera, "trenbideak okupatzeagatik".

Auzipetuta daude gainontzeko sei gazteak ere baina, Hala Bedi-ren arabera, Adingabeen Fiskaltzaren esku dago auzia.