Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak atzo iragarri zuenez, Ziprera bidaliko dute Cristobal Colon fragata. Frantziarekin eta Europako beste estatu batzuekin elkarlanean antolatutako operazio baten harira egingo dute mugimendua, Iranek Akrotiriko base britainiarraren aurka droneekin egindako erasoaren ostean, uhartea "babesteko". Espainiako Armadaren "fragata teknologikorik aurreratuena" da ontzia, eta joan den martxoaren 3an sartu zen Charles de Gaulle hegazkin-ontzi frantziarraren Baltikoko itsas-taldean, "eskolta-, babes- eta trebakuntza-lanak" egiteko. Ekialdeko Mediterraneora joango da orain, eta martxoaren 10ean helduko da Kretako kostaldera, aurreikuspenen arabera.
Zipreko uretan, Cristobal Colon ontziaren misioa izango da "aireko babesa eta defentsa eskaintzea", Turkian dagoen Patriot bateriari lagunduz. Eta prest egongo da, antza, gatazkak eragin ditzakeen kaltetu zibilak ebakuatzeko. Parisekin koordinatuta mugituko da orain, Emmanuel Macronen gobernuak hartu baitu iniziatiba Zipre defendatzeko, eta Italia eta Herbehereak ere batu dira. Guido Crosetto Italiako Defentsa ministroak Parlamentuaren aurrean baieztatu duenez, Italiak "itsas-baliabideak eta misilen aurkako aireko defentsa-sistemak" bidaliko ditu, eta Evertsen fragata nederlandarra ere Baltikotik Mediterraneora bidali dute, Macronek eskatuta.
Cristobal Colon Ziprera bidaltzeko erabakia ez dator bat Espainiako Gobernuak, ustez, gerrari emandako ezezkoarekin. Izan ere, uko egin dio Rotako eta Morongo baseak Iranen aurkako bonbardaketa zuzenetarako erabiltzeari, eta jarrera horrek Donald Trumpen mehatxuak eragin ditu. Margarita Robles Defentsa ministroak SER irrati-katean adierazi duenez, "Espainia beti egongo da Europar Batasunarekin", eta onartu du Ziprera joatea "baloratuko" dutela: "Egin beharrekoa egingo da, baina oso zuhurrak izan behar dugu". Fragata Ziprera bidalita, dena den, Espainiako Gobernuak babesa eman dio Estatu Batuek erabiltzen dituzten base britainiarrak dituen aliatu europar bati, nahiz eta estatubatuarren erasoak errazteari uko egiten diola esan.
Fragatak Ekialdeko Mediterraneorantz nabigatzea onartzen den bitartean, C-17 hegazkin bat Rotatik Siziliarantz aireratu zen asteazkenean, eta hori zantzu bat izan daiteke, Espainiako Estatuaren instalazioak hedapen militarra ahalbidetzeko plataforma logistiko gisa erabiltzen jarraituko dutela ondorioztatzeko. Pedro Sanchezen gobernuaren paradoxa gero eta nabarmenagoa da: "gerrari ezetz" esaten dion estatu berak, bere fragatarik garatuena bidali du Estatu Batuen aliatuak gerra egiteko erabiltzen ari diren uharte bat babestera, kargamentu misteriotsua duten hegazkinak Rotatik base estrategikoetara mugitzen dituzten bitartean.