AKTUALITATEA / Palestina
CAFen aurkako protesta: bide-mozketak akziodunen bileraren aurretik
Gaur da CAFen Akziodunen Batzar Nagusia, eta Beasaingo egoitzarako sarbideak blokeatu dituzte hainbat eta hainbat pertsonak. Goierriko enpresak palestinarren aurkako genozidioan duen erantzukizuna seinalatzera deitu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak: manifestazio bat antolatu du 12:00etarako.
2026eko ekainaren 13 - 09:00
CAFen aurkako protesta: bide-mozketak akziodunen bileraren aurretik

CAF enpresak gaur eguerdirako dauka ezarrita urtero egiten duen Akziodunen Batzar Nagusia, eta horren harira, mobilizazio-deialdi bat egina du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, Goierriko enpresa erraldoiak palestinarren aurkako sarraskian parte hartzen duela salatzeko. Izan ere, Israelentzat tranbiak eraikitzen ari da CAF, sionisten asentamendu ilegalak elkarren artean lotzeko eta beren azpiegiturak indartzeko. 

CAFek estatu sionistarekin dituen negozioak gaitzesteko, zenbait bide-mozketa egin dituzte goizean hainbat pertsonak, enpresaren Beasaingo (Gipuzkoa) egoitzarako sarbideak blokeatzeko: errepideak, zubi bat... Pertsona bat zubitik zintzilikatu da, gainera. Akziodunen Batzar Nagusia hasi baino lehen ekin diete mozketei, eta sarbideak blokeaturik dituzte ekintzaileek une honetan

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/Palestinarekin/status/2065714486107885712

Palestinarekin Elkartasunak gaurko antolatutako manifestazioa eguerdiko 12:00etan abiatuko da Beasaingo plaza nagusitik, "CAFen eta Eusko Jaurlaritzaren negozio kriminalak salatzeko, [akziodunen bileran] banatuko duten dirua palestinarren odolez zikinduta dagoela ikusarazteko eta, Israel garaitzera bidean, harreman konplize ororen aurka borrokatu behar dugula aldarrikatzeko". Goierriko konpainiaren erantzukizuna seinalatzeaz gain, Jaurlaritzak horretan duen parte-hartzea nabarmendu du plataformak: "Finkatuz funtsaren bidez, CAFen akzioen %3 du [Jaurlaritzak], eta administrazioko langileentzako Itzarri pentsio-funtsak 4,5 milioi euroko inbertsioa du bertan".