Desokupazio-enpresa bateko bi enplegatu atxilotu ditu aste honetan Espainiako Poliziak, Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) bizilagun bati egindako jazarpenagatik. Noticias de Navarra-k jakinarazi duenez, Bartzelonatik Burlataraino joan ziren bi matoiak, eta presioa egin zioten burlatar bati, bere bizitokitik alde egin zezan. Alokairuan bizi da logela batean.
Itxura denez, derrigortze-delitu bat leporatuta atxilotu zituzten bi desokupak, baina epailearen aurretik igaro ondotik, haiek aske uzteko agindua eman zuen hark.
Biktimak berak eman zuen jasandakoaren berri, asteartean, bi matoiek kotxean jarraitu eta bere etxeko tinbrea jo ondoren, bera beldurtzen saiatzeko. Desokupazio-enpresakoek esan zioten, bere bizilekua uzten ez bazuen, kide gehiagorekin bertaratuko zirela Burlatara hurrengo astean. Hala ere, haiek aske uztea erabaki zuen epaileak.