AKTUALITATEA / Gerra
Bruselak izena aldatu dio 'Europa berrarmatu' planari, bere hizkera belizistari egindako kritiken ondoren
Pedro Sanchezen kexei erantzuten die izen aldaketak, gastu militarra handitzeko planari erreferentzia egiteko eufemismoren bat eskatzen baitzuen. '2030 Prestaketa' izena eman diote plangintzari.
2025eko martxoaren 24
Bruselak izena aldatu dio 'Europa berrarmatu' planari, bere hizkera belizistari egindako kritiken ondoren
— ARGAZKIA La Moncloa

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak kritikak egin ostean, Europako Batzordeak defentsarako gastua handitzeko planari izena aldatzea erabaki du: 2030 Prestaketa deituko diote aurrerantzean. Izan ere, hizkera belikoaren erabilera zalantzan jarri zuen Sanchezek, eta "segurtasunean zentratutako" ikuspegi bat eskatu zuen, "berrarmatzeaz" hitz egin ordez. Izen berriak, planaren edukia inolaz ere aldatzen ez badu ere, terminologia aldaketa bat bilatzen du; eta 2030a markatzen du "Errusiak Europar Batasunaren edo NATOren aurkako eraso bat egiteko gaitasuna izan lezakeeneko data bezala".

Europako Batzordeko bozeramaile Paula Pinhok azaldu duenez, Europa berrarmatu izenak deserosotasuna eragin zuen hainbat estatu kideren artean, baina instituzioa "prest zegoen planaren helburua hobeto komunikatzeko moduari buruz hausnartzeko". Pinhok dio, hain justu, "berrarmatze" terminoak zaildu egin zezakeela herrialde batzuetan mezuak izan zezakeen harrera, eta aipatu du Ursula Von Der Leyenek bere eginak zituela "ikuspegi zabalago bat eta izen berri bat estrategiarentzako".

Hala ere, planari erreferentzia egiteko erabiltzen den hitza aldatzeak ez du errealitatea aldatzen: Europar Batasunak mahai gainean jarri du 150.000 milioi euroko funts-proposamen bat kreditutan, inbertsio militarrak handitzeko. Hainbat sektorek salatu dute izena aldatzea planaren benetako asmoa ezkutatzeko saiakera bat baino ez dela.