AKTUALITATEA / Euskal herriko ikasle antolakunde sozialista
Bridgestoneko langileekin elkartasunez mobilizatu da Hego Uribeko IA
Elkartasun-argazkiak egin dituzte ikasleek Basauriko Urbi eta Uribarri institutuetan, eta Bridgestoneko beharginek biharko antolatu duten mobilizaziora batzera deitu dute.
2025eko apirilaren 30
Bridgestoneko langileekin elkartasunez mobilizatu da Hego Uribeko IA

Bridgestone enpresako zuzendaritzak kaleratze masibo bat ezarri nahi du Basauriko (Bizkaia) fabrikan, 335 langile kalean utziz. Horren kontra, lanuzteak egiten eta mobilizatzen ari da plantilla, eta herriko ikasleen babesa jaso du besteak beste: gaur, Hego Uribeko Ikasle Abertzaleakek (IA) antolatuta, Urbi eta Uribarri institutuetan bildu eta elkartasun-argazkiak atera dituzte gazteek, Bridgestonen kaleratzerik ez! Langileekin klase-elkartasuna lelopean.

"Bridgestoneko langileak jasaten ari diren kanporaketa masiboen mehatxuen aurrean", babes osoa eman diete beharginei. Bihar goizean, 09:00etan abiatuta, mobilizazio bat egingo dute langileek, Urbi sarreratik Bilboraino (Bizkaia). Protestan parte hartzera deitu du IAk.

Horrekin batera, eguerdirako Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) Bilbon bertan antolatu duen manifestaziora batzera ere deitu du ikasle-antolakundeak: gerra inperialistaren eta Europar Batasuneko estatuen berrarmatzearen aurka, Jesusen Bihotzetik hasiko da mobilizazioa, eguerdiko 13:00etan.