Israelgo Estatuko indar militarrek asteazken gauean blokeatu zituzten Global Sumud Flotillako hainbat ontzi, eta Gazarantz zihoan misio humanitarioan parte hartzen ari ziren 175 bat kide atxilotu zituzten. Atxilotuetako bat izan zen Lino Figueroa, Atlantic Blueko lehen ofiziala eta GEDAR eta DIARIO SOCIALISTA egunkarietako korrespontsala. Figueroak atzo bertan grabatu zuen bideo bat Petrako portuan, eta bertatik azaldu zuen nola bahitu zituzten militar israeldarrek.
Bere ontzia bahituetako bat izan ez bazen ere, Figueroa beste ontzi batean zegoen konponketa-lan batzuk egiten, soldadu sionistek armaturik abordatu zituztenean. Tolosarrak azaldu du laserrekin seinalatzen zituztela militarrek, eta hainbat ontzitan tiro egitera ere iritsi zirela. Jakinarazi du israeldarrek "bortizki" eraso zietela, ontziaren aurrealdera eraman zituztela eta, bertan, lurraren kontra ipini zituztela bridekin loturik. Israeldarren ibilgailu azkarren bitartez, espetxe-ontzi batera eraman zituzten gero: hainbat kontainerrek eta txarrantxak osatzen zuten ontzia, eta soldadu israeldarrek patruilatzen zuten igarobide baten bidez, atxilotutako pertsonak armekin "oso maiz" seinalatuz, Figueroaren esanetan. Gure korrespontsalak gaineratu duenez, militarrek etengabe egiten zituzten miaketak eta zenbaketak, eta atxilotuak denbora luzez edukitzen zituzten belauniko eta eskuak bizkarrean loturik. 60 bat kidek gose-grebari ekin zioten bahituak izan zirenean, tartean Figueroak, protesta modura.
Ordu luzez atxilo egon ostean, ontzidiko kide gehienak maiatzaren 1ean askatu zituzten Greziako kostaldean. Tolosarra ere bertan askatu zuten. "Askatzeko prozesuan den-denei jipoi galantak eman zizkiguten", salatu du. Autobusetan aireportura eraman zituzten gero, atxiloketa-baldintzetan.
Bi kidek atxilo jarraitzen dute Israelen eskuetan: Saif Abukeshek eta Thiago de Avila. Euren atxiloketa ere kontatu du Figueroak. Abukeshek hartu eta bakartu egin zutela dio, eta soldaduek egindako "tortura sistematikoa" salatu dute lekukoek. "Bere bila zebiltzan gehienbat", ohartarazi du gure korrespontsalak. De Avila horren ondoren eraman zuten.
Greziako Gobernuaren konplizitatea gaitzetsi du Figueroak, ontzidiko kideen atxiloketa masiboan zuzenean parte hartu duela gogoraraziz. Horrez gain, aldarrikatu du laster itsasoratuko direla hainbat ontzi, misioarekin jarraitzeko "azken aukerara arte".