AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Borrokan jarraitzen dute Amazonen Trapagarango lantegiko beharginek
Hitzarmen propio baten nahiz lan-baldintza duinen alde ari dira langileak. Lanuzteak egingo dituzte gaur eta bihar; gaurkoan, Bilbon atera dira kalera. Enpresaren mehatxuak salatu dituzte.
2022eko abenduaren 22
Borrokan jarraitzen dute Amazonen Trapagarango lantegiko beharginek
— ARGAZKIA LAB Ezkerraldea

Urrian nahiz azaroan egin zuten greba Amazonen Trapagarango (Bizkaia) zentro logistikoko beharginek, eta borrokan jarraitzen dute: lan-baldintza duinak eta horiek jasoko dituen lan-itun duin bat nahi dituzte. Gaur, beraz, grebara jo dute berriz, eta berdin egingo dute bihar. Lantegiko jarduna gelditu dute bart, eta goizeko aurreneko txandan ere ez da inor sartu lanera. Hortaz, osorik eten da Trapagarango zentroko jarduna, eta Amazonen milaka pakete geratu dira banatu gabe.

Horren ordez, Bilbon (Bizkaia) mobilizatu dira Trapagarango beharginak. Lan-baldintza duinak aldarrikatu dituzte berriz, eta salatu dute enpresak ez duela haiekin negoziatzeko borondaterik. Jakinarazi dute, gainera, langileak beldurtu nahian ari dela Amazon: mehatxu egin die, besteak beste, langileen kontra polizia eta segurtasun-agenteak bidaliko dituela esanez.