Aste honetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzaren aurrean egin dute mobilizazio bat Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuetako (SPEIS, gazteleraz) suhiltzaileek. "Lanbide-aitortza, benetakoak eta aplikagarriak diren neurriak eta beren laneko osasuna eta segurtasuna bermatuko dituzten baliabideak" exijitzen ari dira, eta CNT, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta mobilizatu dira diputazioaren parean. Lanbide-aitortza. Osasuna. Segurtasuna irakur zitekeen pankartan.
Aldundiak indarrean sartu nahi duen deskontaminazio-prozedura gaitzetsi zuten langileek bereziki. Izan ere, CNTk zehaztu duenez, "prozesu horrek, besteak beste, esku-hartzearen lekuan bertan biluztea eta kutsatutako EPIak zabor-poltsatan gordetzea aurreikusten du. Ondoren, parkera itzultzeko bidean beste sute bat gertatuz gero, poltsa horiek berriro ireki eta kutsatutako EPI berak jantzi beharko lituzkete". Horiek horrela, gai kantzerigenoen kontrako neurri eraginkorrak eskatzen dituzte suhiltzaileek, baita orokorrean euren segurtasuna eta osasuna babestuko dituzten bestelako neurriak ere. Mobilizatzen jarraituko dutela jakinarazi dute.