AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Bizkaiko Domino's Pizzak bi grebalari kaleratzeari, sei greba egun gehiagorekin erantzun diote langileek
Greba deialdiaren lehen egunetan lanuzteak egin zituzten bi langile kaleratu ditu Domino's Pizza enpresak. Era berean, enpresak grebalariak ordezkatzeko neurriak hartu dituela ere salatu dute. Hala, lehendik deitutako lau greba egunei beste sei egun gehitzea erabaki dute beharginek. Ekainaren 14an, 15ean, 16an, 21ean, 22an eta 23an izango dira greba egunak.
2019eko ekainaren 10
Bizkaiko Domino's Pizzak bi grebalari kaleratzeari, sei greba egun gehiagorekin erantzun diote langileek

Bizkaiko Domino's Pizzako langileek beste sei greba egun iragarri dituzte hilabete honetarako. ZENA taldearen agindupean dagoen kateak gatazka areagotzen duten erabakiak hartu dituela iritzita erantzun dute modu horretan beharginek. Izan ere, ekainerako greba deialdiaren lehen bi egunetan parte hartu duten bi langile kaleratu ditu enpresak. Basauriko (Bizkaia) lantokikoak dira biak.

Grebalarien aurkako neurriak mahai gainean

Publico atariaren arabera, ekainaren 5ean jaso zuten kaleratze gutuna bi beharginek. Baina, ELA sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, gutunetan maiatzaren 19a agertzen da jakinarazpen data modura. ELAren ustez, enpresak "kaleratzeen eta egindako grebaren arteko lotura ezabatzeko" asmoz idatzi du data hori: "Ez dago zalantzarik". Hori frogatzekotan, greba eskubidea urratzen duten bidegabeko kaleratzeen aurrean egongo lirateke langileak.

Publico-k jaso duenez, ez da hori izan Domino's Pizzak grebalarien aurka hartutako neurri bakarra: greba egin duten beharginak ordezkatzeko, lanuzteekin bat egin ez duen aldizkako langile bat 12 orduko txanda egitera behartu zuen.