AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Bizkaibuseko beste hainbat ibilgailu sabotatu dituzte Ezkerraldean
Zenbait autobus-zerbitzu eten dituzte gaur goizean, sabotaje-ekintzak zirela-eta. Bizkaibuseko langileek hilabeteak daramatzate borrokan, hitzarmena berritzeko negoziaketen testuinguruan.
2023eko urtarrilaren 27
Bizkaibuseko beste hainbat ibilgailu sabotatu dituzte Ezkerraldean
— ARGAZKIA CCOO

Ezkerraldean (Bizkaia) Bizkaibuseko 80 autobus inguru sabotatu dituzte gaur goizean, eta bertan behera geratu dira hainbat autobus-zerbitzu. Trapagaranen zeuden ibilgailuak, aparkaleku batean, eta margotuta agertu dira horietako zenbait leiho eta ispilu.

Ezkerraldea-Meatzaldea Bizkaibus (EMB) enpresa da Ezkerraldean nahiz Meatzaldean Bizkaibusen zerbitzua ematen duena. Dena den, azken hilabeteetan, Bizkaibusek kontratatuta dituen enpresa ugaritako langileek jo dute grebara; hala nola, EMBko, Busturia Lea Artibai Buseko (BLB), Vectalia Txorierriko eta Vectalia Enkarterriko beharginek. Guztiek daukate lan-hitzarmena berritu gabe, eta blokeatuta daude zuzendaritzen eta sindikatuen arteko elkarrizketak. "Bizkaibuseko enpresa guztietan Kontsumorako Prezioaren Indizearen (KPI) araberako soldata-igoerak izatea" bilatzen dute langileek, eta horren alde ari dira borrokan.

EMBko beharginen hitzarmena, zehazki, 2020an agortu zen. Herenegun izan zuten azken greba eguna, baina lanuzte gehiago egingo dituzte otsailean eta martxoan zehar.