AKTUALITATEA / Gerra
Bilbon dago AEBek eta Repsolek Venezuelan lapurtutako petrolioa daraman lehen ontzia
AEBek militarki esku hartu ostean lortu zuen petrolioa Repsolek, eta Petronorren prozesatuko dute orain. Washingtonek berriki eman die baimena hainbat enpresa erraldoiri Venezuelan gehiago jardun dezaten.
2026eko otsailaren 16
Bilbon dago AEBek eta Repsolek Venezuelan lapurtutako petrolioa daraman lehen ontzia
— ARGAZKIA Sadra Company/WANA/Reuters

Folengrados ontzia Bilbon (Bizkaia) porturatu da gaur, El Correo-k eguerdian jakinarazi duenez. Amerikako Estatu Batuek Donald Trumpen aginduz Venezuelan militarki interbenitu ondoren, bertako petrolioa eskuratu dute Mendebaldeko hainbat konpainiak, tartean Repsolek. Lapurtutako olioa Venezuelatik ateratzen hasi dira jada, eta merkantzia hori daraman lehenengo itsasontzia da Folengrados.

Aipatutako egunkariaren arabera, Repsolek Venezuelan lortu duen aurreneko petrolio-kargamentua da honakoa. Baina baita AEBek iazko martxoan Venezuelaren aurkako enbargoa agindu zutenetik Espainiako Estatuan sartzen den lehenengo petrolio-ontzia ere. Petronorren findegian prozesatuko dute orain Bilbon dagoen olio hori, nahiz eta asmoa zen, hasiera batean, Cartagenara eramatea.

EAJko politikari ohia den Josu Jon Imazek gidatzen du Repsol enpresa, eta 2 milioi petrolio-barril erosi ditu Venezuelan. Herrialdeari militarki eraso egin eta Nicolas Maduro presidentea bahitu ondotik, Trumpek bide egin zien Mendebaldeko zenbait petrolio-enpresa erraldoiri barrilak esportatzen hasteko, tartean, Vitol eta Trafigura konpainiei. Repsolek aukera baliatu zuen olioa eskuratzeko, eta erositako 2 milioi upelen lehenengo sorta da orain Bilbon porturatutakoa.

El Correo-k jaso duenez, gainera, AEBetako gobernuak are gehiago erraztu die bidea petrolioari esker negozioa egiten duten handikiei: aurreko ostiralean, Trumpek ofizialki eman zien baimena Repsoli eta Europako nahiz AEBetako beste enpresa batzuei Venezuelan jardun handiagoa izan dezaten, bai petrolioarekin bai gasarekin.

Josu Jon Imazen enpresa handiak gaur egungoa baino hiru aldiz gehiago ekoitzi nahi du Venezuelan, egunean 135.000 barril lortzeko, hain justu. Jeltzale ohiak hasieratik markatu du bere asmoa, parte hartu baitzuen AEBek urtarrilean Venezuelan egindako erasoaren ostean Trumpek petrolio-munduko handikiekin egindako goi-bileran. Orain, Repsolek "indarrez inbertitu" nahi du Hego Amerikako herrialdean, AEBek ofentsiba eta mehatxu militarra mantentzen duten bitartean.