AKTUALITATEA / Soldata sistema
Bi langileren hilketen berri eman dute gaur: Andoainen hil da bata eta Hernanin bestea, urrian lan-istripu bat izan ostean
Langile batek bizia galdu du gaur A-15 errepidean, Andoain parean: su hartu du gidatzen ari zen kamioiak. Bestalde, jakinarazi dute Hernanin beste langile bat zendu zela larunbatean, urrian lan-istripu batean zauritua izan ostean. Ostiralean ere langile baten hilketaren berri eman zuten, Azpeitian.
2020eko abenduaren 15
Bi langileren hilketen berri eman dute gaur: Andoainen hil da bata eta Hernanin bestea, urrian lan-istripu bat izan ostean

Hiru hilketa bost egunetan. Gaur, hilak 15, langile bat eraila izan da A-15 errepidean, Andoain (Gipuzkoa) parean. Soldatapean lanean ari zela, su hartu du gidatzen ari zen kamioiak, antza, matxura baten ondorioz. 08:00ak aldera gertatu da, eta kamioiaren barruan topatu dute beharginaren gorpua suhiltzaileek.

Eskualde berdinean gertatutako beste hilketa baten berri ere eman du gaur LAB sindikatuak. Jakinarazi du joan den larunbatean, hilak 12, beste langile batek bizia galdu zuela Hernanin (Gipuzkoa). 23 urte zituen, eta Papelera Zikuñagan jarduten zuen soldatapean. Antza, trafiko-istripu bat izan zuen urrian, lanean, eta zauritua izan zen. Lesio horien eraginez zendu da.

Aurreko ostiralean, hilak 11, Azpeititik (Gipuzkoa) ere heldu ziren albiste ilunak. Zerrategi batean lan-istripua izan zuen behargin batek, eta bertan hil zen. Sindikatuek argitara ateratako datuen arabera, urtea hasi zenetik 68 langile erail dituzte haien lanpostuetan Euskal Herrian.