AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Bi emakumeri egin dizkiete sexu-erasoak Bilbon eta Algortan
Larunbat gauean Bilboko Fever diskotekan eraso zion emakume bati gizon batek, eta Getxon, berriz, egun berdinean egin zion eraso neska adingabe bati beste gizonezko batek. Basaurin, gainera, gizonezko bat atxilotu dute, Errioxan emakume bat bortxatzeagatik.
2024eko apirilaren 16
Bi emakumeri egin dizkiete sexu-erasoak Bilbon eta Algortan

Bizkaian, gutxienez bi emakumek jasan zituzten sexu-erasoak aurreko larunbat gauean. Bilboko (Bizkaia) Fever diskotekan izan zen erasoetako bat: emakume gazte bati eraso zion gizonezko batek, ukituak eginda. Lokaleko segurtasun-indarrei gertatutakoaren berri eman arren, ez zuten erasotzailea kanporatu. Gero, Ertzaintzak ere begiratu zuen beste aldera: neskak jasandako erasoa azaldu zien poliziei, baina alde egin zuten, esanez ez zutela esku hartuko salaketa bat egon ezean.

Algortan (Bizkaia) ere sexu-erasoa egin dio neska adingabe bati gizonezko batek. Atxilo hartu zuten erasotzailea, eta fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak igandean bertan.

Basaurin (Bizkaia), bestalde, 43 urteko gizon bilbotar bat atxilotu dute, emakume bat bortxatzeagatik. Errioxako Albelda de Iregua herrian izan zen erasoa, aurreko martxoaren 8an. 28 urteko emakume bati eraso zion gizonak, paseatzen ari zela: gainera etorri zitzaion eta indarrez eraman zuen baztertutako eremu batera. Gero, ihes egin zuen.