AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Bi emakumeri egin diete eraso Gasteizen
Atzo, astelehena, bikotekide ohiak eraso egin zion emakume bati, Gasteizko etxebizitza batean. Botila bat erabili zuen eraso egiteko, eta hirugarren pertsona batek ekidin zuen emakumea zauritzea. Bestetik, kalean bertan egin zion eraso bikotekideak beste emakume bati, lepotik helduz eta astinduz.
2020eko maiatzaren 12
Bi emakumeri egin diete eraso Gasteizen

Atzo iluntzean bi eraso matxista izan ziren Gasteizen (Araba). Sansomendi auzoko etxebizitza batean gertatu zen lehenengoa. 43 urteko gizonezko bat bere bikotekide ohiari eraso egiten saiatu zen; botila bat erabili zuen horretarako. Etxe berean zegoen beste pertsona batek ekidin zuen erasoa, erasotzailearen eta erasotuaren artean sartuz. Emakumea defendatu zuen pertsona eskuan zauritu zuen erasotzaileak.

Lehen erasoa gertatu eta ordu gutxira gertatu zen bigarrena, Pintor Ortiz de Urbina kalean: 41 urteko gizonezko batek bere bikotekideari egin zion eraso, lepotik helduz eta astinduz. Erasoaren eraginez, lepoan markak zituen emakumeak.