AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Bi emakumeri egin diete eraso azken egunetan, Santurtzin eta Gasteizen
Atzo bikotekideari eraso egin zion gizonezko batek, Gasteizko etxebizitza batean. Bestalde, gaur goizaldean, emakume bati iletik tira egin eta lepotik heldu du haren bikotekide ohiak, Santurtzin. Larunbatean beste gizonezko bat atxilotu zuten Laudion, indarkeria matxista leporatuta.
2020eko apirilaren 6
Bi emakumeri egin diete eraso azken egunetan, Santurtzin eta Gasteizen

EITB-ren arabera, egunotan gutxienez bi emakumeri egin diete eraso Euskal Herrian. Batetik, atzo, apirilak 5, bikotekideari eraso egin zion 29 urteko gizonezko batek, Gasteizko (Araba) Zabalgana auzoko etxebizitza batean. Emakumearen pisukide batek salatu zuen gertatutakoa.

Bestetik, gaur goizaldean, apirilak 6, 03:00ak aldera Ertzaintzari hots egin dio adingabe batek. Hala, jakinarazi du bere ama jipoitu duela aitaordeak, Santurtziko (Bizkaia) Mamariga auzoko etxe batean. Erasotuak beranduago azaldu duenez, iletik tira egin eta lepotik heldu du 37 urteko gizonezkoak, eztabaida baten ostean.

Emakumearen bikotekide ohia da erasotzailea, eta bizilekua partekatu dute konfinamendua hasi zenetik, seme-alaben zaintza dela-eta.

Apirilaren 4an, larunbata, gizonezko bat atxilo eraman zuten Laudion (Araba), indarkeria matxistarekin lotuta.