AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Bi asteko grebari ekin diote Gasteizko CIE Mecauto enpresako beharginek
Enpresako lan-hitzarmenaren negoziaketa dela-eta jo dute grebara. EAEko Auzitegi Nagusiak isuna ezarri dio enpresari pandemia honetan, hitzarmena ez betetzeagatik.
2021eko apirilaren 12
Bi asteko grebari ekin diote Gasteizko CIE Mecauto enpresako beharginek

Gaur hasi eta apirilaren 23ra arte greban egongo dira Gasteizko (Araba) CIE Mecauto enpresako beharginak. ELA sindikatuak adierazi duenez, 2020ko urtarrilean hasi ziren enpresako lan-hitzarmenaren gaineko negoziaketak, baina osasun-larrialdia zela-eta atzeratu zituzten elkarrizketak. Aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat ezarri zuen zuzendaritzak iaz, eta langileek salatu zuten zuzendaritzak ez zuela enpresako lan-hitzarmena bete. Horren ondorioz, isuna jarri zion Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak.

Orain, enpresak sei urteko iraupena izango duen hitzarmen bat proposatu du. Aldi Baterako Lan-Enpresetatik (ETT) datozen soldatapeko langileen kopurua %25era igotzea jasoko luke hitzarmenak, baita barne-sustapeneko sistema berri bat ere: horren arabera, 20 urte baino gehiago beharko lirateke langile batek erdi-mailako kategoria lortzeko. ELAk, momentuz, ez du ontzat jo zuzendaritzaren proposamena.

90 behargin dira CIE Mecauton, eta CIE Automotive enpresaren parte da lantegia. Iaz 9.942.000 euroko irabaziak izan zituen.