Hilabete bat baino gutxiago falta denean Gasteizko (Araba) jaiak hasteko, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu dute aurten ere ez dutela txosnagunean normaltasunez parte hartzeko aukerarik izango: beren aurkako beto politikoa mantentzen du Gasteizko Txosna Batzordeak, Ezker Abertzalea buru dela. Urte osoan zehar egoera aldatzeko ahalegina egin duela gogorarazi du Mugimendu Sozialistak, baina ez du erantzunik jaso. Maiatzean jakinarazi zuten aurten ere txosnetatik kanpo utzi dituztela GKS eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista.
Bi antolakundeek nabarmendu dute aurten Euskal Herriko 450 kulturgilek sinatu dutela denontzako jaiak aldarrikatzeko manifestua, Bada Garaia ekimenaren barruan, eta Gasteizko herri-mugimenduko hainbat kidek ere aldarrikatu dutela Mugimendu Sozialistak txosnagunean parte hartzeko duen eskubidea. Hori dela eta, Mugimendu Sozialistak berriz eskatu dio Txosna Batzordeari eta, bereziki, bertan parte hartzen duten Ezker Abertzaleko eragileei "jarrera aldatzeko eta irtenbide bat bilatzeko lanean hasteko", hurrengo ikasturteari begira. Era berean, kritikatu du azken hilabeteotan hainbat eragile politikok baliatu dutela egoera euren interes alderdikoietarako; eta argitu du benetako arazoa "herri-mugimenduaren txosnagune batean Mugimendu Sozialistako bi eragile, batzuen interes politikoengatik, kanpoan egotea" dela.
Debekuei aurre eginez, txosna propioa aurten ere
Dena den, Gasteizko Txosna Batzordearen debekuak debeku, GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak aurten ere jarriko dute txosna propio bat Letren Fakultatearen parean, baimen ofizialik gabe. Azaldu dutenez, espazio horren helburua izango da "pairatzen ari garen beto politikoa salatzea" eta, aldi berean, "jai borrokalariak aldarrikatzea, zapalkuntza ororen aurkako aldarri askatzaileak plazaratzeko gune gisa".
Hiru eguneko egitaraua prestatu dute abuztuaren 4rako, 5erako eta 6rako, baina aurrerago emango dute xehetasunen berri. Aurreratu dute, hala ere, egitarauan parte hartuko dutela Ben Yart, Kumbialari, Silitia, Maixa eta Malakiasek, besteak beste. Dei egin diete gazteriari eta gasteiztar guztiei aurtengo jaietan ere Letren Fakultatera gerturatzera eta aldarrikapenekin bat egitera, "denontzako jaien alde".
