AKTUALITATEA / Kale-egoera
Beste pertsona etxegabe bat hil da Bilbon, hilabeteko bigarrena
Iragan ostiralean zendu zen emakumea Bilbon. Hiriburu berdinean hilabete honetan bizia galdu duen bigarren pertsona etxegabea da; Euskal Herrian, urtea hasi zenetik, lau heriotzaren berri eman dute guztira.
2021eko martxoaren 31
Beste pertsona etxegabe bat hil da Bilbon, hilabeteko bigarrena

Beste Bi elkarteak jakinarazi duenez, joan den ostiralean etxerik gabeko emakume bat hil zen Bilbon (Bizkaia). Kalean bizi zen eta, antza, gizarte-zerbitzuetan artatzen zuten. Ez dute informazio gehiago argitaratu oraingoz.

Bilbon beste heriotza baten berri ere eman dute hilabete honetan: martxoaren 12an zendu zen 23 urteko pertsona etxegabe bat. Aterpetxe batean egin zituen gauak aurreko hilabeteetan.

Urtea hasi zenetik, guztira, etxerik gabeko lau pertsonak galdu dute bizia Euskal Herrian. Urtarrilean gizon baten gorpua topatu zuten Hendaian (Lapurdi), auto baten barruan; bestalde, hilabete horretan beste pertsona etxegabe baten gorpuzkiak aurkitu zituzten Getxon (Bizkaia). Iazko abenduan desagertu zen.

Aurreko abendu amaieran Zarautzen ere izan zen heriotza bat. Parke batean topatu zuten haren hilotza.