AKTUALITATEA / Soldata sistema
Beste langile bat hil da Gasteizen; laugarrena astebetean
Makina batek harrapatu du gazte bat Gasteizko Talleres Aratz enpresan. Azken astean, gutxienez lau lan-heriotza izan dira Euskal Herrian.
2023eko uztailaren 22
Beste langile bat hil da Gasteizen; laugarrena astebetean

Ostiral honetan, 33 urteko langile batek galdu du bizia soldatapean lanean ari zela. Oraingoan, Gasteizko (Araba) Talleres Aratz enpresan izan da lan-istripu hilgarria: 12:00ak aldera, makina batek azpian hartu du behargina, eta bertan hil da.

Igandetik hona, gutxienez lau langile hil dira Euskal Herrian lan-istripuz. Aurreko igandean, Erandion (Bizkaia) zendu zen okindegi bateko banatzailea, lan-istripu "ez traumatiko" batean. Astelehenean, Construcciones Moyua enpresarentzat jarduten zuen langile bat hil zen Arrasaten (Gipuzkoa), obra batean lanean ari zela, bihotzeko batek jo ostean. Asteartean, N-121 errepidean, Erriberan (Nafarroa), trafiko-istripu larri bat izan zuen garraiolari batek, eta bizia galdu zuen.

Iturri sindikalen arabera, urtea hasi zenetik, Euskal Herrian 32 langile hil dira lanean, lanera bidean edo lanetik bueltan.