AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Beste erailketa matxista saiakera bat Donostian
Ostiralean, emakume bat itotzen saiatu zen bere bikotekidea; 26 urte besterik ez ditu. Hilabete batean, bi erailketa matxista eta bi hilketa saiakera izan dira Euskal Herrian.
2026eko maiatzaren 4 - 08:51
Beste erailketa matxista saiakera bat Donostian
Itaiaren protesta joan den apirilean.

Beste erailketa matxista saiakera bat izan da joan den asteburuan. Aurreko ostiralean, Donostian (Gipuzkoa), 24 urteko emakume bat itotzen saiatu zen bere bikotekidea. EITBren arabera, goizaldeko 03:00ak aldera abisu bat jaso zuten poliziek, etxebizitza batean izaten ari zen erasoa zela-eta. Polizia-indarrak bertaratu zirenean, biktimaren gainean aurkitu zuten erasotzailea, bera ito nahian. Konorterik gabe zegoen neska, baina bera suspertzea lortu zuten; osasun-etxe batera eraman zuten.

26 urte baino ez ditu erasotzaileak, eta komisariatik igaro ondoren, hura espetxeratzeko agindua eman du epaile batek, hilketa saiakera egotzita. 

Apirila hasi zenetik hona, hilabeteko epean alegia, bi erailketa matxista eta bi hilketa saiakera atera dira argitara Euskal Herrian. Apirilaren 3an Basaurin (Bizkaia) atxilotu zuten gizonezko bat, 44 urteko bere bikotekidea hiltzea leporatuta; apirilaren 6an, Berrizen (Bizkaia), 38 urteko emakume bat labankadaka hiltzen saiatu zen bere bikotekidea; eta apirilaren 12an, Iruñean (Nafarroa), eraikin bateko terrazatik erorita hil zen beste emakume bat, labana bat zeraman gizon batengandik ihesi ari zela. Urruntze-agindua urratu zuen erasotzaileak. Eraso horiek guztiak salatzeko, Itaiak mobilizazio ugari egin zituen.