AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Berrizen, emakume bat labanaz hiltzen saiatu da bere bikotekidea
Seme-alabek eta bizilagun batek gelditu zuten erasotzailea, eta alabetako bat ere zauritu zuen gizonak. Aurreko astean Basaurin eman zuten erailketa matxista baten berri, baina aske utzi dute hiltzailea.
2026eko apirilaren 7 - 06:34
Berrizen, emakume bat labanaz hiltzen saiatu da bere bikotekidea

Berrizen (Bizkaia) 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizean, bere bikotekidea hiltzen saiatzeagatik. Hainbat labankada eman zizkion 38 urteko emakumeari, eta larriki zauriturik eraman zuten ospitalera, helikopteroz.

Etxebizitza batean izan zen erasoa, eta bertan zeuden emakumearen seme-alabak erasoa izan zenean; haiek eta bizilagun batek geratu zuten erasotzailea. Alabetako bat ere zauritu zuen gizonezkoak. Goizeko 07:00ak igarota jaso zuten abisua larrialdi-zerbitzuek, eta labanaz zauriturik aurkitu zuten emakumea. Gizonak alde egin zuen etxetik, baina kalean atxilotu zuten handik gutxira.

Erailketa matxista bat aurreko astean, Basaurin: hiltzailea aske

Aurreko ostiralean, apirilaren 3an, beste erailketa matxista baten berri eman zuten Basaurin (Bizkaia). Bi egun lehenago, 44 urteko andre bat topatu zuten hilik etxe batean, bere bikotekideak larrialdi-zerbitzuetara hots egin baitzuen. Autopsia egin ostean atxilotu zuten gizona, emakumea modu bortitzean hil zutela ondorioztatu baitzuten. Hala ere, handik gutxira utzi zuten aske gizonezkoa, behin-behinean behintzat. Zabalik jarraitzen du ikerketak.

Gutxienez hiru emakume erailak

2026. urtea hasi zenetik, Euskal Herriko gutxienez hiru emakume erail dituzte indarkeria matxista tarteko. Aurreko astean Basaurin izandako hilketaren aurretik, martxoan, Zaragozan erail zuen Irungo (Gipuzkoa) emakume bat bere bikotekide ohiak: biktimak lan egiten zuen lekuraino joan eta tiroz eraso zion gizonak.

Bestalde, joan den otsailean, 28 urteko emakume bat labankadaz hil zuen bere bikotekideak, Sarrigurenen (Iruñerria, Nafarroa). Hiltzaileak gutxienez 34 sastakada eman zizkion biktimari.