AKTUALITATEA / Errepresioa
Berangoko auzipetuak babesteko, Elkartasun Eguna egingo dute bihar Urdulizen
Ia hogei lagun daude auzipetuta, preso politiko bati egindako harrera dela-eta. Egun osoko egitarau bat izango dute bihar Urdulizen.
2026eko urtarrilaren 23
Berangoko auzipetuak babesteko, Elkartasun Eguna egingo dute bihar Urdulizen

Berangon hamasei pertsona daude auzipetuta preso politiko bati egindako ongietorriari lotuta, eta elkartasun handia jaso dute auzia argitara atera zenetik. Bihar, urtarrilaren 24an, Urdulizen izango da Elkartasun Egun bat.

12:00etan giza-kate bat egingo dute Urdulizko metro-irteeratik eskolaraino, Berangokoak aske, ongietorriak libre lelopean; 13:00etan ekitaldia izango da Elortzan eta 14:00etan bazkaria; eta arratsaldean, berriz, musika-emanaldiak eskainiko dituzte Txiberrin Konorte, Txapelpunk, Etsaiak Eroak eta Ilberri taldeek. Gaueko 23:00etatik aurrera Skinheads Portugalete arituko dira musika ipintzen.

Biharko Elkartasun Egunaz gain, hainbat herritan antolatu dituzte Berangoko auzipetuei babesa emateko ekimenak: Gernikan elkartasun-argazki bat atera zuten atzo, eta bihar bertan, elkarretaratzeak egingo dituzte Baigorrin eta Lekeition.

2022ko martxoan Ibai Aginagari egindako harreran parte hartzeagatik auzipetu zituen hamasei berangar Espainiako Auzitegi Nazionalak: 36 urtetik gorako espetxe-zigorrak, 171 urteko inhabilitazioak eta 75.900 euroko isunak eskatzen dituzte haientzat, "terrorismoari gorazarre" egitea egotzita.