AKTUALITATEA / Iheslari politikoak
Bederatzi egun daramatza gose greban Asier Guridi iheslari politikoak
"Heriotza zibil" egoeran dago oñatiarra, eta nortasun juridikoa aitor diezaiotela eskatzeko hasi zuen gose greba martxo amaieran.
2022eko apirilaren 7
Bederatzi egun daramatza gose greban Asier Guridi iheslari politikoak

Asier Guridi iheslari politikoak martxoaren 29an ekin zion gose grebari, Espainiako Estatuak Venezuelan duen Kontsulatu Nagusiaren aurrean. Nortasun juridikoa aitor diezaiotela eskatzen du oñatiarrak, eta borrokari eusten dio: gaur beteko ditu bederatzi egun gose greban.

Guridik ez dauka Espainiako Estatuaren pasaporterik, ez eta Venezuelako zedularik ere. Hala, bederatzi urte daramatza "heriotza zibil" egoeran, eta zenbait ondorio zuzen ditu horrek. Azaldu duenez, ezin du soldatapeko lanik egin; ezin du bozkatu; ez da eskubidedun subjektu bat notariotzan, erregistroetan edota legediaren aurrean; ezin du inolako jabetzarik izan; ez dauka ezkontzeko aukerarik; arazoak ditu oinarrizko produktuak erostean, nortasun agiria eskatzen dutelako; eta abar. Semeari ere zuzenean eragiten dio aitak nortasun juridikorik ez izateak; Euskal Herrian dago, baina legez kontrako egoeran.