AKTUALITATEA / Itaia
Beasainen larunbat gauean izan zen bortxaketa salatu dute Beasainen, Itaiak deituta
Asteburu honetan ere Loinatz jaiak ospatu dituzte Beasainen, eta emakume bat bortxatu zuen gizon batek larunbat gauean. Atzo protestara deitu zuen Goierriko Itaiak, eta jendetza batu zen elkarretaratzera.
2022eko ekainaren 6
Beasainen larunbat gauean izan zen bortxaketa salatu dute Beasainen, Itaiak deituta

Loinatz festak izan dira berriki Beasainen (Gipuzkoa), eta joan den larunbat gauean, emakume bat bortxatu zuen gizon batek, Zaldizurrieta plaza inguruan. Zumarragako (Gipuzkoa) erietxean artatu zuten emakumea, eta salaketa bat aurkeztu du jada.

Goierriko Itaiak deituta, erasoa salatzeko eta emakumeari babesa adierazteko elkarretaratze jendetsu bat egin zuten atzo Beasainen, Indarkeria matxista orori aurre egin aldarripean.

"Eraso hori ezin dugu era isolatuan ulertu. Norma kultural bihurtu den ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako testuingurua sortzen du, emakume langileonganako erasoak gauzatuz", adierazi zuten Itaiako kideek. "Horren aurrean, figura erasotzaileak seinalatu, eraso oro salatu eta horri aurre egiteko baliabideak garatzen jarraituko dugu", gaineratu zuten.