Beste urte batez, jendetza hurbilduko da egunotan Bilboko (Bizkaia) Kobetamendira, gorriz nabarmendutako data batean gainera: bi hamarkada beteko ditu aurten Bilbao BBK Live jaialdiak. 100.000 entzule baino gehiago, milioika euro mugituko dituen beste edizio batean; eta, beste urte batez, Last Tour enpresa erraldoia ekimenaren atzean.
Gaur egun, Yurdana Bengoak zuzentzen du Last Tour, Espainiako Estatuko musika-promotore "independenterik" handiena. 120 langilek jarduten dute bertan, eta egoitzak ditu Bilbon, Iruñean, Bartzelonan, Madrilen, Lisboan nahiz Bogotán. Last Tourren negozio-eremua zabala da oso: nazioarteko musika-jaialdi ugari eta ehunka kontzertu antolatzen ditu, hainbat artistaren musika-birez arduratzen da, Oso Polita musika-zigilua dauka, Movistar Arenaren kudeaketan parte hartzen du, ostalaritzan muturra sartuta dauka, eta abar luze bat. Last Tourren esku dauden jaialdirik ezagunenetakoak dira Bizkaia International Music Experience (BIME), Gasteizko Azkena Rock, Iruñeko El Vivo, Lisboako Meo Kalorama eta, noski, Bilboko BBK Live. Bengoa enpresaburuak berak elkarrizketa batean azaldu du berriki 13 milioi euro inbertitu dituela Bilboko jaialdian.
Bere enpresa eta antolatzen dituzten jaialdiak zuritzeko ahalegin etengabean, azkenaldian elkarrizketa ugari eskaini ditu Bengoak komunikabideetan, BBK Live ez dela makroialdi bat eta "esperientzia izugarri zaintzen" dutela defendatuz, besteak beste. Datuek errealitate bat agerian uzten dute, ordea: BBK Liven 115.000 entzule izan ziren aurreko edizioan, eta 33 milioi euro inguru mugitu zituen.
Eremu pribatuaren eta publikoaren arteko elkarlana
Erakunde publikoek ere dirutza sartzen dute halako makroekimenetan. El Salto-k oraintsu argitaratu dituen datuen arabera, Last Tourrek instituzio publikoen laguntzei esker monopolizatu ditu Hego Euskal Herriko jaialdirik handienak: 2022tik hona, diru publikoko gutxienez 12 milioi euro jaso ditu enpresak, BBK Live, BIME eta Azkena Rock antolatzeko besteren artean. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak 121.000 euro eman zizkion BBK Liveko antolakuntzari, Gaztelagun laguntza-sistema sustatzeko, teorian.

Kolaborazio publiko-pribatua ez da BBK Livera eta Last Tourrera mugatzen, hala ere: Newtral-ek bildutako datuek diotenez, Espainiako Estatuko hamar jaialdirik handienak antolatzeko, erakunde publikoek 8,5 milioi euro eman dizkiete ekimen horien sustatzaileei. Rankingeko hiru onuradun nagusien artean ageri da BBK Liven antolaketa, ia 1,5 milioi euroko laguntza publikoarekin; eta bere aurretik daude Santiago de Compostelako O Son de Camiño (3 milioi baino gehiago) eta Madrilgo Mad Cool (2 milioi baino gehiago) jaialdiak.
Eremu pribatuaren eta publikoaren arteko lotura estu hori erakusten du Last Tourreko zuzendariaren ibilbideak berak, gainera: enpresa hori zuzendu aurretik, Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailean aritu da Yurdana Bengoa. El Salto-ren esanetan, bere momentuan, EAJren konfiantzazko komunikazio-enpresa bat sortu zuen Bengoak. Are: atzera eginez gero, bere aurretik Last Tourreko zuzendari izandako Alfonso Santiagok aktiboki parte hartu zuen EAJren aldeko hauteskunde-kanpainan, Bilboko alkate Juan Mari Aburtorentzat botoa eskatzen aritu baitzen hainbat bideotan.
Lan-gehiegikeriak: teknikarien greba aurten
BBK Liven moduko makrojaialdiek ez dute diru publikoari esker soilik funtzionatzen: langileen erabateko prekaritateak markatzen ditu ekimenok, hainbatetan salatu duten bezala. Bilboko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) eta Kontseilu Sozialistak urteak daramatzate BBK Liveko "lan-gatazka isildua" salatzen: iaz protesta bat egin zuten, azalduz Last Tourrren irabaziak "langile-klasearen zuzeneko esplotazioan eta kultur-industriaren monopolizazioan baino ez direla oinarritzen". Bilboko Udala ere jo zuten konplizetzat.

Teknikarien sektorea ere bereziki nabarmendu da aurten: EAE osoan egin dute bat beharginek lan-baldintza prekarioen aurka, eta hainbat lanuzte egingo dituzte uda honetan, Teknikariok Sindikatuak, ESK-k, LABek, UGTk, ELAk eta CCOOk deituta. BBK Liven izango dira udako lehenengo lanuzteak, hain zuzen ere.
Kontsumitzaileen aurkako urraketak
Langileen aurkako erasoez gain, bestelako urraketa batzuk egiteagatik ere seinalatu izan dituzte makrojaialdiak, eta BBK Live ez da inola ere salbuespena. FACUA kontsumitzaileen erakundeak 2023an jarri zuen ekimenaren kontrako salaketa bat, bezeroei "abusuzko klausulak" ezartzeagatik (ez zietelako utzi jai-eremura kanpoko edariekin edo janariarekin sartzen, pultsera berezi batzuekin bakarrik ordaindu daitekeelako, eta abar). Hurrengo urtean, 2024an, OCU elkarteak jo zuen BBK Liven aurka, antzeko arrazoiengatik.
BBK Live eta makrojaialdiak zalantzan: eztabaida publikoa
Azken urteetan, indarra lortu du BBK Livek sustatzen duen makrojaialdi-ereduaren aurkako kritikak. Aurka kolektiboak, adibidez, iaz argitaratu zuen ohar bat, ekimen horietako lan-esplotazioa, enpresen eta instituzioen aurpegi zuriketa eta betetzen duten funtzio politikoa gaitzetsiz. JOMO lelopean, Bilboko hainbat kolektibok prestatu dituzte makrojaialdien aurkako ekimenak datozen egunetarako, eztabaida publikoa zabalduz: Sarean Guneak, Espora Espazioak eta Aurkak berak hartu dute iniziatiba, hainbat deialdi eginez.
