AKTUALITATEA / Bardea
Bardeako tiro-poligonoaren aurkako dinamika abiatu dute Nafarroako Erriberako eta erdialdeko hainbat gazte eragilek
Tiro-poligonoaren eta "ordezkatzen duen" guztiaren aurka "protesta egiten eta borrokatzen" jarraituko dutela azaldu dute Nafarroako erdialdeko eta Erriberako gazteek. Gazte Martxa bat antolatu dute ekainaren 26rako.
2021eko apirilaren 28
Bardeako tiro-poligonoaren aurkako dinamika abiatu dute Nafarroako Erriberako eta erdialdeko hainbat gazte eragilek

Ager Vasconumeko Gazteak kolektiboa sortu dute Nafarroako erdialdeko eta Erriberako hainbat gazte eragilek, eta aurreneko dinamikaren berri eman dute jada: Bardeako tiro-poligonoaren eta horrek "ordezkatzen duen" guztiaren aurkako lanketari ekin diote. Momentuz, jakinarazi dute hainbat hitzaldi eta Gazte Martxa bat antolatu dituztela dinamikari lotuta. Ekainaren 26an egingo dute Gazte Martxa, eta tiro-poligonoko sarrera izango da helmuga.

Gazteen esanetan, 70 urte daramatzate Bardeako tiro-poligonoa "jasaten eta sufritzen": "Jaio ginenetik, etengabe entzun ditugu bonben soinua eta hegazkin militarren hegaldia gure buruen gainean". Azaldu dute, hain zuzen, "erregimen frankistak" duela zazpi hamarkada sinatu zuela "entrenamendu-kontratua" aire armadarekin. "Akordio horri esker, Espainiako Armadaz gain, NATOko edozein herrialdek entrena dezake Bardeetan", gaineratu dute.

"NATOren aurka gaude, hau da, Europako eta Ipar Amerikako herrialde gehienen aliantza militarraren aurka; izan ere, estatu horien interes inperialistak defendatzeko sistema bat da, defentsa-sistema kolektibo bat [...]. Bere boterea kontrolatzeko eta handitzeko lantza militarraren punta; mendebaldeko burgesiaren boterea", dio Ager Vasconumeko Gazteak kolektiboak.

Tiro-poligonoaren "alderdi askotan dagoen iluntasuna", "ekologiaren eta gure osasunaren aurkako erasoa" eta "eskubideen lapurreta" ere seinalatu dituzte gazteek, besteak beste. Hortaz, "protesta egiten eta borrokatzen" jarraituko dutela berretsi dute.