Joan den asteburuan hasi dira Barakaldoko jaiak, eta ostiraletik, aldarri politikoz josita ikus zitekeen herriko txosnagunea. Barakaldoko Udaltzaingoak, bada, mezu horien aurka jo zuen ostiralean bertan: 20 bat udaltzain eta ertzain bertaratu ziren txosnetara eta hainbat pankarta kendu zituzten, tartean, Israelgo Estatua eta indarkeria poliziala seinalatzen zituztenak.
Goigorri Konpartsa Sozialistak eta Askaberrik eman dute gertakarien berri. Salatu dute "oso larria" dela gertatutakoa, eta ezinbestekotzat hartu dute "txosnaguneko propaganda politikoa zein bertan parte hartzen dugun eragile sozial eta politikoon eskubide politikoak defendatzea". "Jai herrikoiak beti izan dira aldarrikapen politikorako espazioa", gaineratu dute.