AKTUALITATEA / Kaleratzeak
Barakaldoko Roximatik ere hamabi langile kaleratuko ditu Superberriakek
Itxi egingo dute Barakaldoko Roxima denda; Ugaoko, Bilboko, Laudioko eta Amurriko BM dendak ere zarratu egingo ditu Superberriakek. Guztira, beraz, 82 behargin daude kaleratuak izateko arriskuan.
2022eko irailaren 12
Barakaldoko Roximatik ere hamabi langile kaleratuko ditu Superberriakek
— ARGAZKIA ELA

Aurreko astean jakinarazi zuten BM supermerkatu-kateko lau denda itxi nahi dituela Superberriak enpresak; hain zuzen, Ugaokoa (Bizkaia), Bilboko (Bizkaia) Alde Zaharrekoa, Laudiokoa (Araba) eta Amurriokoa (Araba). Antza, baina, ez dira horiek izango Hego Euskal Herrian itxiko dituzten BM denda bakarrak: Barakaldoko (Bizkaia) saltokia —Roxima frankizia— ere zarratu egingo dute, eta han jarduten duten hamabi langileak kanporatuko dituzte.

Grebara jotzea erabaki dute Barakaldoko Roximako beharginek, kaleratzeen aurrean protesta egiteko. Asteazkenean ekingo diote grebari, eta hiru egunez izango dira protestan. Enpresako zuzendaritzak erabakiari eusten badio, gainera, mobilizazio gehiago egingo dituztela azaldu dute langileek.

Une honetan, eta Ugaoko, Bilboko, Laudioko, Amurriko nahiz Barakaldoko salmenta-puntuetan aritzen diren beharginak kontuan hartuta, 82 dira kaleratze arriskuan daudenak.