AKTUALITATEA / Errepresioa
Bandera antifaxistak kendu ditu Baionako Herriko Etxeak bestetan
Etxe pribatuetatik eskegitako aldarri batzuk kendu dituzte Herriko Etxeko langileek, besteak beste, Israelen eta faxismoaren aurkakoak.
2026eko uztailaren 17 - 07:41
Bandera antifaxistak kendu ditu Baionako Herriko Etxeak bestetan
— ARGAZKIA Berria

Herenegun hasi ziren Baionako (Lapurdi) bestak, eta, atzo goizean, faxismoaren aurkako zenbait bandera kentzen jardun zuten Herriko Etxeko langileek. Berria-k jaso duenez, saski altxagailuarekin aritu ziren hainbat etxe pribatutako balkoietan zeuden bandera aldarrikatzaileak kentzen.

Marengo eta Jacques Laffitte karriken artean, Israelgo Estatua Palestinan egiten ari den sarraskia salatzen zuen banderola bat kendu zuen Herriko Etxeak, Berria-k jaso duenez. Katie Daly's ostatuaren gainaldean, bestalde, Rage against the fascism zioen bandera bat zegoen, baina hura ere erretiratu zuten Herriko Etxeko langileek, bertako jabeek sare sozialetan salatu dutenez: bandera antifaxista kendu eta Euskal Monetarena bota zuten bertan.

Zizpa Gaztetxeak ere eman zuen Herriko Etxearen zentsuraren berri: "Banderolak Katie Daly's, Zamai, Soinua eta Xina Les Pyrenees ostatuen gainaldean dira. Herriko etxeko langileak banderolak kentzen ikusten badituzue, argazkiak egin eta zabaldu! Jendeak ikus dezan herriko etxearentzat faxismoa antifaxismoa baino onargarriago dela".

Sutan kolektibo transfeministaren arabera, Euskal Udalekuen aldeko banderola bat eta Hau ez da Frantzia, Euskal Herria transfeminista zioen beste bat ere ere kendu zituzten.