AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Baionako besten balantzea: gutxienez 20 eraso eta Babesgunearen aurkako eraso bat
Itaiak elkarretaratze bat egin zuen atzo goizean: "Ez gaituzue beldurtuko, eta matxismoaren kontra karrikak hartzen segituko dugu".
2026eko uztailaren 20 - 06:25
Baionako besten balantzea: gutxienez 20 eraso eta Babesgunearen aurkako eraso bat

Uztailaren 15etik 19ra bitartean izan dira Baionako (Lapurdi) bestak, eta aurten ere, indarkeria matxistaren aurkako Babesgune bat eduki du Itaiak, erasoren bat jasaten edo ikusten zuten pertsonek bertara jo ahal izateko. Bada, 20 eraso matxistaren berri izan du aurtengo bestetan. "Aurtengo edizioa bereziki bortitza izaten ari dela azpimarratzekoa da: muturreko eraso fisikoak, hitzezkoak, eraso homobofoak...", azaldu zuen Itaiak atzo, jaien azken egunean. Aurreko egunean, gainera, Babesguneari eraso zion gizon talde batek.

Atzo goizean, igandez, elkarretaratze bat egin zuen Itaiak Herriko Etxearen parean, bestetan izandako eraso matxistak salatzeko eta kaleak hartzeko unea dela aldarrikatzeko. Oraingoan, Babesgunean, 40 laguntzailek baino gehiagok hartu dute parte, eta lan horren garrantzia nabarmendu zuten atzoko kontzentrazioan, "instituzio kapitalistek eskaintzen diguten indarkeria matxistaren miseriazko kudeaketatik eta aurpegi zuriketatik at, eta manera kolektibo eta antolatu batean,  matxismoaren gaia berriz ere karrikaren erdigunean eman" dutela aldarrikatuz.

Horiek horrela, irmoki salatu zuten larunbatean Babesguneko boluntarioek jasandako erasoa: "Babesgunea eta bertan zeuden txandalariak erasotu zituen gizon talde batek, mehatxatuz, jazarriz, irainduz eta argazkitan hartuz. Babesgunea goizago ixtera behartuak izan ziren laguntzaileak". Gogorarazi zuten ez dela halako zerbait gertatzen den lehen aldia, baina konpromiso irmoa dutela indarkeria matxistaren aurka antolatzen jarraitzeko: "Ez gaituzue beldurtuko, eta matxismoaren kontra karrikak hartzen segituko dugu".

Itaiak ohartarazi zuen, gainera, aurtengo bestetan "polizia eta indar errepresibo gehiago" bideratu dituztela kalera agintaritzek, baina "gazte migranteei eta pertsona arrazializatuei jazartzen" jardun dutela batez ere, eraso matxistak aitzakiatzat hartuta. Baionako Herriko Etxeari dagokionez, isilik mantendu da erasoen aurrean, Emakumeen Antolakunde Sozialistak salatu duenez: "Herriko Etxeak erasoen kontra plantan ematen duen protokoloa aitzakia hutsa da erasoen inguruan den haserre soziala lasaitzeko eta besta-eredua den bezala mantentzeko, garrantzia osoa irabazi ekonomikoei emanik. Ez da indarkeria matxista errealki eta errotik borrokatzeko intentziorik".

Urte osoan indarkeria matxistaren aurka erantzuteko beharra

Baionako besten amaieran, Itaiak adierazi du "indarkeria matxistaren kontra karrikak hartzeko momentua" dela, eta uste du ez dela aski "Baionako bestetan antolatzea"; "urte osoan indarkeria matxistaren kontra antolatzen segituko dugu". Dei egin du, hortaz, "matxismoaren eta ideia erreakzionarioen aurka karrikak hartzera", "antolakuntzaren bidez soilik lortuko dugulako kapitalismoaren gaindipena eta klase zein zapalkuntzarik gabeko gizarte baten erainkuntza".