AKTUALITATEA / Eraso faxistak
Badr meskitari eraso diote Bilbon
Astelehen gauean izan zen erasoa Santutxuko Fika kaleko meskitan. Atea eta leihoak puskatu zituzten.
2024eko uztailaren 3
Badr meskitari eraso diote Bilbon

Eraso egin diote Bilboko (Bizkaia) Badr meskitari, Santutxu auzoko Fika kalean. Astelehen gauean izan zen erasoa, eta atea eta leihoak apurtu zituzten, objektu gogorrekin jota.

Ez da Euskal Herrian meskita bati eraso egiten dioten lehenengo aldia. Gasteizen (Araba), adibidez, "Alah Satan da" eta "Parasito hiltzaileak" zioten margoketak egin zituzten hainbat faxistak 2016an. Ikur naziak ere egin zituzten, bai eta atarian txerri haragia eta odola bota ere.

Baionan (Lapurdi), berriz, militar ohia eta Fronte Nazionaleko (gaur egungo Rassemblement National, RN) hautagaia zen faxista batek eraso bat egin zuen 2019an: sute bat eragin zuen Baionako meskitako sarreran, eta bi gizoni tiro egin zien. Larriki zauritu zituen biak, eta pistola bat, fusila eta granada bat topatu zituzten erasotzailearen etxean.