AKTUALITATEA / Autoritarismoa
Azken Sorgin Gauaren harira berriro isuna jaso izana salatu du Sorginkalek
Sorginkale Banaketak ekoizpen-taldeak beste isun bat jaso duela salatu du sare sozialetan. Azken Sorgin Gaua jaialdiaren harira ezarri diote zigorra, eta bengalen erabilera zela eta, Zizurko Udaltzaingoak Espainiako Gobernu Delegaritzan jarritako salaketak ekarri du zigor administratiboa.
2019eko maiatzaren 7
Azken Sorgin Gauaren harira berriro isuna jaso izana salatu du Sorginkalek

Sorginkale Banaketak ekoizpen-taldeak jakinarazi duenez, isuna jaso berri du, Zizurko Udaltzaingoak Espainiako Gobernu Delegaritzan jarritako salaketa baten ondorioz. Sare sozialetan azaldu duenez, kolektiboko kide bati espedientea ireki diote Azken Sorgin Gaua jaialdian bengalak erabiltzeagatik. Ez da jaialdi horren harira taldeak salatu duen lehen errepresio kasua. Apirilean "mugimendu sozialen aurkako" jazarpena salatu zuten bertako kideek, eta Nafarroako Gobernua, Zizur Nagusiko Udala zein udaltzainak seinalatu zituzten erantzule modura.

Isunak Azken Sorgin Gauaren harira

Sorginkale Banaketak kolektiboak 15 urte bete ditu aurten. Azken Sorgin Gaua jaialdia antolatu zuten iazko azarorako, Ardoien (Nafarroa). Udaltzaingoak bere aurkako salaketa jarri zuen, "bizilagunei eragozpen handiak eragiteagatik", udalaren arabera. Ondorioz, Nafarroako Gobernuak isunak ezarri zizkien Sorginkaleko kideei, tartean, 1.400 euroko bat, jaialdiko musika saioa 10 minutu berandu amaitu izanagatik.