Azken hamar egunetan, erailketa matxista bana izan da Basaurin eta Iruñean, eta hilketa saiakera bat Berrizen. Indarkeria matxista osori aurre egin! lelopean, Itaiak mobilizazioak egin zituen atzo Euskal Herriko lau hiriburutan (Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen) eta beste hainbat herritan, biolentzia matxistari aurre egiteko antolatzera deituz. Baionan bihar arratsaldean egingo du protesta bat: 18:30ean Merkatu Plazan jarri du hitzordua.
"Indarkeria matxista egunerokoan jasaten dugu emakumeok: erasoak, irainak, gutxiespenak eta erailketak ere errealitatearen parte dira", seinalatu zuen atzo Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Bai Sanduzelain joan den asteburuan izandako erailketan, bai Basaurin apirilaren 1ean izandakoan, biktimekiko urruntze-aginduak hautsi zituzten erasotzaileek, eta Itaiak ohartarazi duenez, horrek erakusten du zer nolako "mugak" dituzten "instituzioen babes-neurriek" eta zer nolakoa den emakumeen "babesgabetasun-egoera".
Antolakundeak ezinbestekotzat jo zuen "indarkeria matxistaren aurka irmoki posizionatzea, eraso orori aurre eginez". Eta gaineratu zuen: "Emakumeok bizi ditugun zapalkuntzaren eta bortizkeriaren aurrean, kalera ateratzeko momentua da; indarkeria matxista jasan duten emakumeak defendatzeko, erasotzaileek sentitzen duten inpunitateari aurre egiteko, zein matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei ateak ixteko".