AKTUALITATEA / Langile kontrolpeko espazioak
Auzolana egingo dute Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, azkenaldiko erasoek eragindako kalteak direla-eta
Bart gauekoarekin, hirura igo da azken hilabeteetan Letaman gaztetxean jasan dituzten erasoen kopurua. Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, "oso gutxinaka lortzen" dituzten "baliabide kolektiboek", "auzoaren beharrei ekarpena egitea" dute xede. Hala, haien aurkako erasoak, "eraldaketa sozialaren zailtasun eta oztopoen" isla direla ere nabarmendu dute. Auzolanera deitu dute gaurko zein abenduaren 14rako, espazioan beharrezko konponketak egiteko.
2019eko azaroaren 26
Auzolana egingo dute Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, azkenaldiko erasoek eragindako kalteak direla-eta

Leihoak hautsita eta erabateko desordenarekin esnatu da gaur, asteartea, Donostiako (Gipuzkoa) Intxaurrondo auzoko Letaman gaztetxea. Hau, baina, ez da azkenaldian jasan behar izan duen lehen erasoa izan. Duela hiru hilabete lapurtzera sartu ziren gaztetxera, baita joan den asteazkenean ere. Azaroaren 20an, musika aparatuak eta alkohola eraman zituzten lapurrek.

Gaurko erasoan zer lapurtu duten oraindik ez dakite gaztetxeko kideek, baina eraso jarraituei amaiera eman nahi diete. Erasook sorturiko desordenei eta txikizioari aurre egiteko, auzolanera deitu dute gaurko, baita abenduaren 14erako ere.

Gaztetxeko kideen esanetan, "oso gutxinaka lortzen dituzten" "baliabide kolektiboek", "auzoaren beharrei ekarpena egitea" dute helburu. Hala, baliabide horien aurkako erasoek auzoan "eragin larria" dutela diote. Gainera, azpimarratu dute "eraldaketa sozialaren zailtasun eta oztopoen adibide" direla gaztetxeari egindako erasoak, eta halako praktikak salatzeaz gain, "eguneroko jardunean berretsi" dira.

Erasoak langile kontrol espazioeta

Zenbakaitzak dira langile kontrol espazioetan jasan behar izaten diren askotariko erasoak. Esaterako, iragan udan, Larraungo (Nafarroa) Printzako, Zizur Nagusiko (Nafarroa) Esparru gaztetxeko eta Burlatako Gaztetxeko kideek, espazio horietan egindako erasoak salatu zituzten.