AKTUALITATEA / Preso politikoak
Aurrerantzean etxean beteko dute zigorra Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal preso politikoek
32 urte daramatzate kartzelan, eta Parisko Dei Auzitegiak onartu egin ditu haiek baldintzapean aske uzteko eskaerak. Urtebetez izango dute orain eskumuturreko elektronikoa.
2022eko irailaren 23
Aurrerantzean etxean beteko dute zigorra Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal preso politikoek
— ARGAZKIA Twitterretik hartutakoa

1990. urtean atxilotu zituzten Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal, beste hainbat lapurtarrekin batera, eta ETAren Argala komandoko kide izatea leporatuta kartzelaratu zituzten. Bizi guztiko espetxe-zigorra jarri zieten, eta 32 urte daramatzate preso Frantziako Estatuan. Parotek, berez, 2005etik zuen baldintzapean aske geratzeko aukera, eta Esnalek, 2008tik. Hori dela-eta, Parotek sei aldiz eskatu du baldintzapean aske geratzea, eta birritan Esnalek. Orain arte atzera bota dituzte eskaera guztiak, baina berriki jakinarazi dutenez, oraingoan Parisko Dei Auzitegiak onetsi egin du bi preso politikoak baldintzapean aske uztea.

Beraz, urtebeteko proba egingo dute baldintzapean. Aurrerantzean etxean beteko dute garaian ezarri zieten zigorra, eta eskumuturreko elektronikoa izan beharko dute denbora horretan guztian, kontrolatuta egon daitezen. Horren ostean, beste hamar urtez egongo dira baldintzapeko askatasunean, baldintza gogorrekin.