AKTUALITATEA / Preso politikoak
Aurrerantzean etxean beteko du zigorra Xistor Haranburu preso politikoak
30 urtez izan dute preso Frederic Haranburu 'Xistor'. Urte eta erdiz eraman beharko du eskumutur telematikoa, eta gero, "baldintza zorrotzak" bete beharko ditu zortzi urtez.
2020eko azaroaren 24
Aurrerantzean etxean beteko du zigorra Xistor Haranburu preso politikoak

Urrian jakinarazi zuten Frederic Haranburu Xistor preso politikoa baldintzapean aske uztea onartu zuela Parisko dei Auzitegiak. 30 urtez izan dute preso, eta aurrerantzean, etxean beteko du zigorra. Gaur goizean irten da Lannemezango espetxetik (Okzitania), baina eskumutur telematikoa izan beharko du jantzita urte eta erdiz. Gainera, "baldintza zorrotzak" bete beharko ditu gero, zortzi urtez gutxienez.

1990eko apirilean atxilotu zuten Haranburu, Jakes Esnal eta Jon Kepa Parotekin batera. ETAko kide izatea leporatuta ezarri zioten bizi osorako kartzela zigorra.

Parisko Dei Auzitegiak hirugarren aldian onartu du Xistor aske uzteko eskaera. Birritan bota du atzera Esnal kartzelatik irteteko eskakizuna, eta bost aldiz, Paroten baldintzapeko askatasun eskaera.