Loiuko (Bizkaia) aireportuan Global Sumud Flotillako kideen aurka egindako karga izugarriaz gain, Gasteizen (Araba) ere bortizki esku hartu zuen atzo Ertzaintzak, alaveszaleen kontra hain zuzen ere. Arratsalderako, Alaves futbol-taldeari harrera egiteko hitzordu bat zegoen jarrita Arabako hiriburuan, partidaren aurretik. Bada, kalean zeuden zaleen aurka oldartu zen Ertzaintza, 19:00ak igarota.
Alaveseko jokalariek autobus batera igota gurutzatu zituzten Gasteizko kaleak, eta ehunka zaleren txaloen artean egin zuten Mendizorrotzarako bidea. Momentu batean, bengala batzuk piztu zituzten zenbait pertsonak, eta kordoi poliziala ezarri zuten orduan ertzainek; dispositibo handi bat zeukaten martxan. Futbolariak jada Mendizorrotza barruan zeudenean, Cervantesen Pasealekuan hain justu, zaleen kontra kargatu zuen Ertzaintzak: Iraultza 1921 taldeak salatu duenez, adin guztietako jendearen aurka jo zuten poliziek. Bi lagun atxilotu zituzten kargan.
Gaur arratsalderako, atzo jasandako errepresioa salatzeko mobilizazio bat antolatu dute Gasteizen bertan. 20:00etan izango da protesta, Foru Plazan.
