AKTUALITATEA / Errepresioa
Atzeratu egin dute 'Sopelako 4en' kontrako epaiketa
Otsailaren 4an epaitu behar zituzten, joko-aretoen aurkako protesten harira, baina data berririk zehaztu gabe atzeratu dute saioa. Sopelako 4ekin 1 plataformak mobilizazio bat antolatu du hilaren 31rako.
2026eko urtarrilaren 16
Atzeratu egin dute 'Sopelako 4en' kontrako epaiketa

Sopelako (Bizkaia) lau pertsona auzipetuta daude joko-aretoen kontrako borroka dela-eta, baina oraindik ez dute argitu ea noiz epaituko dituzten. Izan ere, haien aurkako saioa datorren otsailaren 4rako ezarrita zegoen arren, atzeratu egin dute azken momentuan. Sopelako 4ekin 1 plataformak salatu duenez, epaiketa noiz izango den ez jakiteak "sekulako zama" dakarkie akusatutako lau lagunei: jakinarazi diete beharbada martxoan egingo dietela epaiketa, "baina litekeena da are gehiago atzeratu behar izatea".

Plataformaren esanetan, "egoera honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da auzipetuei babesa adieraztea eta prozesu honen injustizia salatzea". Hori dela-eta, urtarrilaren 31rako herrian egindako mobilizazio-deialdia mantendu du: egun horretan, "Sopela elkartasunez betetzera" deitu du. Eguerdiko 12:30ean hasiko da manifestazioa, Sopelako Udaletxe Plazatik.