AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Aste honetan ere grebara joko dute H&Mko langileek, 56 kaleratzeen aurka
Osteguna eta ostirala ere greba egunak izango dira H&Mn. Hego Euskal Herrian 56 langile kaleratzeko asmoa dauka enpresako zuzendaritzak, eta maiatzaren 3an greba mugagabea hasiko dute beharginek.
2021eko apirilaren 26
Aste honetan ere grebara joko dute H&Mko langileek, 56 kaleratzeen aurka

H&M arropa denden kateak Espainiako Estatu osoan jarri du martxan kaleratze kolektiboen prozedura. Enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek joan den ostiralean sortu zuten estatu mailako negoziazio mahaia, eta zuzendaritzak orduan jakinarazi zuen zehazki zenbat behargin kanporatuko dituen lekuan leku. Hego Euskal Herrian 56 kaleratze izango dira: launa Nafarroan eta Araban, hamasei Gipuzkoan eta 30 Bizkaian.


Gauzak horrela, lanuzteak eginez erantzun dute langileek. Iragan ostiralean eta larunbatean jo dute grebara, eta datozen ostegunean eta ostiralean ere jarraituko dute lanuzteekin. Enpresak kaleratze kolektiboen prozedurarekin aurrera jarraituko balu, maiatzaren 3an greba mugagabea hasiko lukete langileek. ELAk adierazi du "digitalizazioak" eragindako kaleratzeak direla mahai gainean daudenak eta, nagusiki, seme-alabak zaintzeko lanaldi murrizketak eskatu dituzten amak botako dituztela enpresatik.