AKTUALITATEA / Preso politikoak
Aske geratu da Julen Atxurra, 30 urteren ostean
1996an kartzelaratu zuten 'Pototo' preso politiko lekeitiarra, eta 2022an Euskal Herriratu zuten. Hainbat borrokatan parte hartu du azken urteetan: lokutorio-greba Zaballan, Palestinarekiko elkartasuna, Maria Jose Bañosen aldeko elkartasun-adierazpenak...
2026eko apirilaren 15 - 06:59
Aske geratu da Julen Atxurra, 30 urteren ostean
— ARGAZKIA Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ren bidez

Hiru hamarkadaz gatibu egun ondoren, aske geratu da Julen Atxurra Pototo preso politikoa. 1996an kartzelaratu zuten lekeitiarra: Puerto I-en, Aranjuezen nahiz Kantabrian eduki dute preso azken urteetan, eta 2022an lekualdatu zuten Euskal Herrira. Zaballan egin ditu espetxealdiko azken urteak.

Pototok hainbat borrokatan parte hartu du espetxean azken urteetan. 2024an, lokutorio-greba egin zuten Zaballako hainbat euskal preso politikok, komunikazio-eskubideen urraketa salatzeko eta hondaturik zeuden lokutorio guztiak konpon zitzatela exijitzeko. Grebara batu zen presoetako bat izan zen Atxurra. Urte berean, espetxeko salbuespen-neurriak salatu zituzten hainbat preso politikok, Eusko Jaurlaritzak hainbat harreman eta komunikazio eteteko osatutako "zerrenda beltz" batez ohartaraziz. Orduan ere lekeitiarra izan zen salaketa egin zuenetako bat.

Horrez gain, elkartasun-dinamika ugari bultzatu ditu azken garaian: Palestinaren askatasuna exijitzeko eta konplizitate sionista salatzeko mobilizazioekin bat egin du 2023ko urritik hona; Maria Jose Baños preso politikoaren aldeko borrokara batu da aurten, baraualdiak eginez eta bere askatasuna zein estatus politikoa aldarrikatuz, eta abar.