AKTUALITATEA / Etxebizitza
Asiron: "Irtenbidea behin-behinekoa izan behar da"
Aranzadin 100 lagun baino gehiago etxegabetu ondoren, desalojoa justifikatu du Iruñeko alkateak (EH Bildu), eta esan du "behin-behineko irtenbideak" baino ezin dizkietela eskaini udalak berak kaleratutako pertsonei. Gertatutakoa "biolentzia instituzionala" dela salatu dute kolektibo sozialek.
2026eko apirilaren 16 - 08:01
Asiron: "Irtenbidea behin-behinekoa izan behar da"
— ARGAZKIA Iruñeko Udala

"Abiatu dira Aranzadiko parkean dagoen Agustindarren komentu zaharreko lanak: berreskuratze neurologikoko osasun-zentro bat eginen da", zioen Iruñeko Udalak (EH Bildu) bere web-orrian eta sareetan astelehen arratsaldean. Bazirudien udalak bigarren maila batean utzi nahi zuela komentu hori 140 bat pertsonaren bizitokia izatea, baina ezin zuen hori guztiz aipatu gabe utzi. Hala gaineratu zuen asteleheneko idatzian, beraz: "Udalak aldi baterako bizilekuak izateko irtenbideak eskainiko dizkie bertan lo egiten zuten 75 pertsonari".

Hala ere, Negu Gorriaki eta Iruñerriko beste hainbat kolektibo soziali esker argitu da gerora zein diren udalaren "irtenbide" horiek: pare bat eguneko egonaldia hoteletan, aterpetxeetan eta beste, "eta gero kalera". Iruñean bertan erroldatutako pertsonentzat bakarrik, gainera. Gertatutakoa "biolentzia instituzional" gisa salatu dute kolektibo horiek.

Komentuko obrak hasi izana nabarmendu nahi izan du udalak bere lehenengo adierazpenetan, horretarako egindako etxegabetze masiboa bigarren mailan gera zedin, beharbada. Baina, presioren ondorioz, kaleratutako pertsonei eta haiei eskainitako alternatibei buruz ere hitz egin behar izan du azkenean. Joseba Asiron alkateak atzo egin zituen adierazpen batzuk, komentua hustea beharrezkoa zela eta "arrazoi humanitarioak eta segurtasun-arrazoiak" argudiatuta, EITBk jaso duenez. Eta, desalojoa justifikatzearekin batera, kaltetutako pertsonei udalak eskainitako "alternatibak" justifikatu zituen Asironek.

"Erabakia gogorra izan da", zioen: "Guk planteatzen duguna da eraikinaren aurrean erantzukizunaren alderdia indartu eta, bestean, alderdi gizatiarrean, egin behar duguna da udal-zerbitzuetatik bilatu ahalik eta gehien. Baina jakin badakigu irtenbide hori behin-behinekoa izan behar dela".