AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Arabako egoitzetako langileek grebara joko dute hurrengo astean
Maiatzaren 23an eta 24an egingo dute greba. Salatu dute, besteak beste, 1.000 euro inguruko soldatak eta ratio zentzugabeak dituztela.
2023eko maiatzaren 17
Arabako egoitzetako langileek grebara joko dute hurrengo astean

Adineko pertsonentzako Arabako egoitza pribatuetan grebara deitu dute hurrengo asterako. Langileek, zehazki, hilaren 23an eta 24an joko dute lanuztera, aurreneko hitzarmenari buruzko negoziaketetan nagusitu den blokeo-egoera salatzeko. Beharginek mobilizazioak egingo dituzte egun horietan, eta modu horretan aldarrikatuko dute "behingoz, zaintza sektore horretako baldintzak erregula ditzatela".

Langileek urteak daramatzate euren lan-baldintzak hobetzeko borrokan, baina baldintza negargarriak izaten jarraitzen dute oraindik: 1.000 euro inguruko soldatak, "ratio onartezinak", lanak berak eragindako baja ugari eta urtean 1.792 orduko lanaldiak, besteak beste. Hori guztia, gainera, Arabako Foru Aldundiaren "oniritziarekin" gertatzen dela seinalatu dute.

LAB eta ELA sindikatuek esan dute joan den astelehenean aurkeztu ziotela azken proposamen bat lan-bitartekariari, baina oraindik ez dutela erantzunik jaso. Horregatik deitu dute grebara.