AKTUALITATEA / Osasun mentala
Antsiliotikoak lehen aldiz kontsumitu zituztenen kopuruak gora egin zuen 2022an
Espainiako Estatuan, familien %25,2k diote iaz antsiliotikoak kontsumitu zituela aurreneko aldiz familiako kideren batek edo inguruko norbaitek, ikerketa batek dioenez. Osasun mentalarekin lotutako arazoak (egonezina, loaren alterazioa edota sumingarritasuna) jasan dituzte askok eta askok. Helduen %70ek "zailtasun ekonomikoekin" eta %46k "bakardade sentimenduarekin" lotzen dute hori. Gazteen kasuan, %53k diote sare sozialen eragina dela kausa, eta %43k bullying-a jotzen dute jatorritzat.
2023eko urtarrilaren 10
Antsiliotikoak lehen aldiz kontsumitu zituztenen kopuruak gora egin zuen 2022an

The Family Watch institutuak Espainiako Estatuko familiei buruz sortutako 12. barometroaren arabera, 2022. urtean gora egin du antsiliotikoen kontsumoaren hasierak familietan. Izan ere, familien %25,2tan, antsiliotikoak lehenengo aldiz kontsumitu zituen iaz senitarteko kideren batek edo inguruko norbaitek. 2021ean erregistratutako datuekin alderatuta, zazpi puntu igo da ehuneko hori: 2021ean, zehazki, familien %18,5ek baieztatu zuten antsiliotikoen aurreneko kontsumo hori sendiko norbaiten edo inguruko norbaiten aldetik.

Haurrak dituzten familien kasuan, are altuagoa da ehunekoa: %28 dira 2022an antsiolitikoen kontsumoa aurreneko aldiz ezagutu duten familiak. GAD3 enpresak osatu du aipatutako txostena, eta, zuzendariaren esanetan, nabarmena da "osasun mentalaren hondatzea indartsuagoa" dela haurrak dituzten familietako kideen kasuan. Azken urteetako "pandemiarekin eta gainbehera ekonomikoarekin" lotu du osasun mentalaren hondatze hori.

Ikerketan parte hartu duten pertsonen %77k azaldu dute eurek edo euren inguruko norbaitek kezka edo egonezina sentitu zutela iaz. %61ek diote berdina "sumingarritasunari" dagokionez, eta %57ek diote "loaren alterazioa" jasan zutela eurek edo euren inguruko norbaitek. "Itoaldia" sentitu zutenak, berriz, %54 dira.

Inkesta erantzun duten helduen artean, %70ek lotzen dituzte osasun mentaleko arazo horiek "zailtasun ekonomikoekin". %46k "bakardade sentimendua" jotzen dute kausatzat, eta %43k diote "ziurgabetasun orokorra" dela arrazoia. Gazteen artean, sare sozialen eragina (%53), eskoletako bullying-a (%43) eta autoestimu baxua (%39) identifikatzen dituzte osasun mentaleko arazoen jatorri modura.