AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Añorgan, bi familia etxegabetu nahi dituzte ostiral honetan
09:00etan Añorga hiribideko 8. zenbakira bertaratzera deitu du Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, kaleratzeari aurre egiteko. Iruzur bat jasan dute arriskuan dauden familiek, eta adingabeak daude tartean.
2026eko uztailaren 1 - 09:56
Añorgan, bi familia etxegabetu nahi dituzte ostiral honetan
Etxegabetze saiakera baten aurkako protesta Donostian, iazko urrian.

Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, euren etxea galtzeko arriskuan daude Añorgako bi familia, tartean, 2 eta 13 urteko bi haur. Azpierrentan bizi dira gaur egun, baina iruzur egin die errentatzaileak. Izan ere, legez alokairu-kontratua daukan pertsonak logelak alokatu zizkien bi familiei, baina gero, ez zizkion etxejabeari errentak ordaindu. Hori dela-eta, etxegabetuak izateko arriskuan daude engainatuak izan diren maizterrak. 

"Kontraturik ezak, besteak beste, erabateko babesgabetasun egoeran utzi ditu familiak, lege eta administrazio publikoan eskubiderik gabe. Ez kaltetuak haiek direla azaltzeko eta ezta alternatiba bat eskatzeko ere", salatu dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik. Desalojoaren aurka erantzuteko, hainbat deialdi egin ditu: uztailaren 2an, auzo-asanblada bat izango da Amassorrainen, 18:30ean; eta desalojoa ezarrita dagoen egunean, uztailaren 3an, etxegabetzeari aurre egingo diote sindikatutik. 09:00etan Añorga hiribideko 8. zenbakira bertaratzera deitu dute.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/Kontseilua_Don/status/2072221511000482182