AKTUALITATEA / Etxebizitza
Alokairuen luzapenari uko egin dio Espainiako Kongresuak
PPk, Voxek eta Juntsek errenten igoera %2ra mugatzen zuen dekretua indargabetu dute, milaka familia linbo legal batean utziz. Koalizio-gobernua eskuina seinalatzera mugatu da, konponbiderik eskaini gabe.
2026eko apirilaren 30 - 07:53
Alokairuen luzapenari uko egin dio Espainiako Kongresuak
— ARGAZKIA congreso.es

2026ko apirilaren 28an Espainiako Diputatuen Kongresuak 8/2026 Errege Lege Dekretua atzera bota ondoren, Espainiako Estatuko higiezinen merkatua kaos normatibo batean sartu da. Bere momentuan PSOEren eta Sumarren gobernuak aurkeztu zuten aldi baterako neurria, langileriaentzako "ezkutu" gisa, eta maizterrei aukera ematen zien alokairu-kontratuak bi urtera arte luzatzeko, gehienez %2koa izango litzatekeen errenta-eguneraketa batekin. Hala ere, PPren, Voxen eta Juntsen arteko aliantzak araua berehala bertan behera geratzea eragin du, alokairuaren bidezko soldaten arpilatze sistematikoaren aurrean aldi baterako arintzea baino ez zekarren tresna bat baliogabetuta.

Dekretua erori izanak segurtasun juridiko falta kritikoa sortzen du milaka familiarentzat, araua indarrean egon den ia 40 egunetan, luzapen-eskaerak egin baitituzte burofax bidez. El País hedabidek jakinarazi duenez, auzi-olde posible bat aurreikus daiteke orain, non etxejabeek (jabe handiak eta inbertsio-funtsak barne) etxegabetzeak egitea edo gehiegizko errenta-igoerak ezartzea bilatuko duten. Isabel Rodriguez Etxebizitza ministroak aitortu du kasu horiek "linbo legal" batean geratu direla, eta horrek erakusten duela aparatu instituzionala ez dela gai etxebizitzarako sarbidea bermatzeko, kapital higiezin eta errentatzailearen erasoaldiaren aurrean.

Etxebizitzari eskubide unibertsal gisa heldu beharrean, Espainiako Gobernuaren eta inbestidura-blokearen erantzuna Parlamentuko ikuskizunean eta batak besteari egindako akusazioetan oinarritu da. PSOEk eskuinari egozten dio moratoria bertan behera geratu izanaren errua, baina lankidetza publiko-pribatuko politikak onartu ditu gobernuak bitartean, baliabide publikoak sektore pribatura transferitzea dakartenak praktikan, errentatzaileentzako onura fiskalen bidez. Ikuspegi hori ez da nahikoa izan, eta, gainera, gizartearen haserrea moteltzeko balio izan du, eskuinaren "gaitz handiagoaren" aurka soilik zuzenduz, eta oinarrizko ondasunekin zigorgabeko espekulazioa ahalbidetzen duen egitura orokorra zalantzan jartzea ekidinez.

Familien babesgabetasuna bereziki larria da etxebizitzaren arazoa kezka sozialei buruzko inkesta guztietan nagusitzen den testuinguru batean, baita "immigrazioari" edo "segurtasunari" buruzko izu moralen gainetik ere. Etxebizitza-eskubidearen aldeko mugimenduek salatu dutenez, "inoizko gobernurik aurrerakoienak" proposatutako euste-neurriek "atzerapauso geldoago" gisa baino ez dute jarduten jada proletalgoaren baldintza ekonomikoetan. Alokairuen luzapenari buruzko dekretua bertan behera gertau izana etxegabetzeen atzerapena amaitu izanari gehitu behar zaio; izan ere, 60.000 bat familia gehiago utzi dituzte defentsa-mekanismo eraginkorrik gabe, euren etxeetatik kanporatuak izateko arriskuaren aurrean.

Esquerra Republicana de Catalunya (ERC) eta EH Bildu bezalako alderdien segidismoak erakusten du ez dagoela irabazi enpresarialen logika hautsiko duen alternatiba instituzionalik. Doako eta kalitatezko etxebizitza baten aldeko borroka antolatu beharrean, agenda parlamentarioak aldi baterako adabakiak eta erdi-mailako klasearen babes esklusiboa izan ditu ardatz, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak (PSOE) lonjetako bizigarritasun-irizpideak kentzea proposatzean aitortu bezala. Dekretu honen hondoratzearen azken emaitza da alokairuan bizi direnenak zaurgarritasun handieneko egoerara itzultzea eta alokairutik bizi direnentzako negozioa areagotzea, Kongresuaren aritmetikaren eta itunen jokoen aldakortasunaren menpe jarriz milaka pertsonaren existentziarako oinarrizko baldintzak.