AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Alokabidek familia bat etxegabetu du Gasteizen
Indarkeria matxista jasan duen emakume bat eta bere bi alabak etxegabetuko ditu gaur Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoak. Desalojoaren aurka protesta egiteko mobilizatutako jendearen aurka oldartu da Ertzaintza.
2026eko apirilaren 24 - 11:19
Alokabidek familia bat etxegabetu du Gasteizen

Beste etxe-kaleratze bat gaurkoan Gasteizen (Araba), kasu honetan, Eusko Jaurlaritzaren mendeko Alokabide sozietate publikoaren partetik. Indarkeria matxistaren biktima den emakume bat eta bere bi alabak euren etxetik botatzeko prozesu bat jarri zuen martxan Alokabidek, eta gaur eguerdirako zegoen ezarrita desalojoa, 12:30erako. Bi ordu lehenago, gutxi gorabehera, polizia-lerroa ipini du Ertzaintzak.

Etxegabetzearen aurka mobilizatu da Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, etxe-kaleratze oro gelditzera deituz. Segizio judiziala eraikinera sartu eta gutxira, protestan ari ziren pertsonen aurka oldartu dira ertzainak bultzaka; gutxienez manifestari bat bota dute lurrera bortizki. 13:00ak aldera gauzatu da kaleratzea.