AKTUALITATEA / Gerra
Alemaniatik irten ahal izateko, baimen militarra eskatzen du gobernuak
17 eta 45 urte arteko gizon guztiei aurretiazko baimen bat eskatzen die Defentsa Ministerioak, atzerrian hiru hilabetetik gorako egonaldiak egingo badituzte.
2026eko apirilaren 7 - 09:17
Alemaniatik irten ahal izateko, baimen militarra eskatzen du gobernuak
— ARGAZKIA Touko Aikioniemi/Unsplash

Alemaniako Gobernuak legedia aldatu du, adin militarrean dauden milioika gizonen mugimendu-askatasuna murrizteko. Berliner Zeitung-ek gogorarazten duenez, 2026ko urtarrilaren 1etik, 17 eta 45 urte arteko gizon guztiek Armada Federaleko errekrutatze-zentroaren baimena eskatu eta lortu behar dute, herrialdea hiru hilabetez baino gehiagoz utzi nahi badute. Neurri hori Soldadutza Modernizatzeko Legea deiturikoan sartzen da, eta edozein desplazamendu motari eragiten dio; lan-arrazoiengatik, arrazoi akademikoengatik edo arrazoi pertsonalengatik egindako mugimenduak barne.

Lehen, salbuespen modura hartzen zen estatuaren kontrol hori, gerra-egoerei edo nazioarteko tentsioei lotuz. Azken erreformarekin, baina, salbuespen-izaera kentzen diote mugimenduaren kontrolari. Orain, Soldadutzari buruzko Legearen (WPflG) 2. artikuluak dio adin militarrean dauden gizonezkoen joan-etorrien gaineko kontrol iraunkorra eta aplikagarria izango dela "bake-garaian" ere. Defentsa Ministerioko bozeramaile batek Ippen.Media-ri baieztatu dio arauaren helburua dela "defentsa-datu fidagarriak eta esanguratsuak biltzea", estatuak zehatz jakin dezan, "behar izanez gero, nor dagoen atzerrian epe luzerako". 

Kontrolaren areagotze hori, batez ere gazte langileen gainekoa, aparatu militarraren hedapen-plan handi baten barruan kokatzen da. Plan horren helburua da, besteak beste, Bundeswehr-eko soldadu kopurua areagotzea, gaur egun 184.000 izanik, 2035erako 255.000 eta 270.000 artean izan daitezen. Defentsa Ministerioak aitortu du erregulazio horren ondorioak "sakonak" direla, baina oraindik ez du zehaztu zer zigor ezarriko zaizkien herrialdetik administrazio-baimenik gabe ateratzen direnei. Oraingoz, erakundeak adierazi du "salbuespenak onartzeko arau espezifikoak" lantzen ari dela, milioika pertsonaren mugimenduak kontrolatzeak dakarren karga burokratikoa kudeatzeko. 

Derrigorrezko galdetegiak 2008tik aurrera jaiotako gizonentzat 

Legedi berriak, halaber, betebehar espezifikoak ezartzen dizkie 2008tik aurrera jaiotakoei: gizonezkoentzat derrigorrezkoak diren eta emakumeentzat borondatezkoak diren galdetegi batzuk jasoko dituzte, soldaduska egiteko duten "prestasuna" neurtzeko. Armekin entrenatzeko, "borondatezkotasunaren" printzipioari eusten dio formalki gobernuak, baina maila handiko mobilizaziorako diseinatuta dago administrazio-egitura.

Alemaniako prentsak kontsultatutako iturri ofizialen arabera, 2026an zehar, soldaduska egiteko prest daudenen azterketa medikoak hasiko dira, etorkizunean gizonezko guztientzat nahitaezkoa eta sistematikoa izango litzatekeen azterketa medikoa berrezarri aurretik. Horiek guztiak urratsak dira derrigorrezko soldadutzara daraman eskailera berean, nahiz eta ikuspegi horrek gero eta gaitzespen handiagoa sortzen duen Alemaniako gazteen artean.